ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

METRAILETEN MUGAK
      (2008)

36 GRADU
      (2008)

NESKAK
      (2008)

ESANAK
      (2008)

PFAND
      (2008)

EZTA HAZIA EREITEKO ERE
      (2012)

ATZERRIAREN HEDADURA
      (2012)

HAU EZ DA ALIANTZA TAKTIKOA
      (2012)

GAURKO AFARIA
      (2012)

HOGEITA BAT PROLETARIO
      (2012)

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

BETAURREKO BERRIAK

        Hedoi Etxarte , 2012

 

 

Gaur MENDIA OPTIKA DESDE 1856AZ GERO

dendan betaurreko berriak erosi ditut.

Gaur maitemindu egin naiz optikariarekin.

 

—Hola, buenos días —euskarazko erantzuna

espero duzun lekuan espainolezko erantzuna

jasotzea autoestimuarentzako kolpe latza izan ohi da.

Espektatiba linguistikoen zerumuga zapuzten da.

Euskaraz jarraitu dut badaezpada ere:

—Kaixo, betaurreko berriak nahi ditut.

—Bai, zoaz gora, han egingo dizute graduazioa.

Gora igo naiz eta behean bezalaxe esan diot:

—Kaixo, betaurreko berriak nahi ditut.

—He entendido lo que me acabas de decir, pero...

—Ados. Espainolez hitz egingo dugu —esan diot.

 

Hasier Etxeberriak duela hamahiru urte

Txillardegiri buruz egindako dokumentala

ikusi nuen bart arratsean ordenagailuan.

 

—Milesker —esan dit, espainolez egingo dugulako.

—Betaurrekoak graduatzera nator —nik espainolez.

Paparrera begiratu diot. MARTA jartzen du txartelean.

Galdera batzuk egin dizkit Martak. Adibidez:

—Noizbait eraman izan dituzu betaurrekoak?

Gero agindu eta ohartarazpen batzuk:

—Eseri hemen. Begiratu hona. Orain

puxika bat ikusiko duzu. Orain argi berde bat.

Aire talka bat sentituko duzu, ez kezkatu,

segituan joango zaizu sentipen arraro hori;

begiaren tentsioa neurtzeko besterik ez da.

 

Ondoren hizki batzuk esanarazi dizkit.

O eta D letrak nahastu egin ditut, noski.

Dioptria zaharren eta berrien artean

ez omen dago alde handirik, bost urtetan

oso gutxi egin du okerrera ikusmenak.

Baina nik betaurreko berriak nahi nituen,

hori zen erosketa egiteko arrazoi bakarra.

 

Orain arte nuen ikusteko disfuntzioan

oreka aldaketa bat gertatu da.

Baldarrenaren papera trukatu dute begiek.

Neukan zalantza argitu dit Martak:

—Ez da egia, miopiaren kasuetan,

leiarren erabilerak arazoa larriagotzen duena.

 

Txillardegik dokumentalean esaten zuen

frankismoan demografia jario handia

jasan zuela Euskal Herriak.

Espainiarren migrazioa komeni zitzaien

frankistei helburu politikoengatik eta

euskal burgesek etekin ekonomikoa

atera zuten jende olde haren

lan-indar ez kualifikatuari esker.

«Orain Estoniako populazioaren erdia

errusiarra da» esan zuen Txillardegik.

 

Orduan sentitu dut kolono batek

azpiratzen ninduela (Marta maiteak, alegia)

baina horrek ez du eten bulkada

ezta adats perfektuaren ondulazioa ere.

Txillardegik baleki!

—Bat hogeita bost duzu eskuinean.

Gidatzeko jantzi egin beharko dituzu.

 

Orduan sentitu dut kolono bati esker

ikusiko dudala hobeto eta nire begi-higienea

zalantza barik kolono bati esker

hobetuko dela. Ez al da nardagarria?

Maitasun proiektu bat hobe enfokatzeko

tresna bihur daitekeela otu zait.

Ordura arte uste nuen maitasun proiektua

histrionismoa elikatzeko talaia zela.

 

—Orain betaurrekoak hautatuko ditugu.

Eskaileretan behera jaitsi gara.

—Baduzu modeloren bat pentsatuta?

—Pasta beltzekoak, handiak nahi ditut.

—Aterako dizkizut batzuk —eta atera dizkit.

—Karratuxeagoak nahi nituzke.

Orduan atera dizkit Danimarkan egindakoak.

Eta akordatu naiz Bertolt Brechten

artisten eginkizunari buruzko testuak eta

Walter Benjaminekin izan zituen elkarrizketak

Danimarkako erbestean jazo zirela.

 

Ez dut zalantzarik egin:

—Hauek dira —esan diot.

—Oso modernoak dira.

Uste dut Martak esan nahi zuela politak direla.

—Itxoin beste batzuk erakutsiko dizkizut.

Baina ez zaizkit gustatu. Eta esan diot:

—Badakit objektu gisa ederrak direla,

baina ez dakit ondo ematen ote didaten.

—Oso ondo dauzkazu. Lehen bagenuen afixa bat

Eduardo Noriegarekin, hain justu modelo honekin

eta zurea bezalako bizarrarekin.

 

Ez dut ulertu Eduardo Noriegak

zer esan nahi ote zuen Martarentzat.

Gainera dirua tarteko dagoen harremanak

estrainioak eta xelebreak izaten dira berez,

baina Iberdrola Dorrea geureganatu arte

dirua tarteko da gure harreman guztietan;

beraz, horregatik, ez dut zertan arduratu

kasu honetan ere dirua tarteko dagoelako.

Kontua da, Eduardo Noriegarena

esan duenean, ez diodala Martari

aitortu nahi izan gustatuko litzaidakeen eredua

Hönecker Xostakovitx Etxebarrieta Cardenal dela.

 

Fitxa bat bete du enkargua egiteko.

—Hauek nahiago ditut, ez dutelako apaingarririk.

Apaingarriekin lehenago zahartzen dira

objektuak —esan diot. Hildako nire amonaren

teoria bat zen. Nire amonak, ziur naiz,

ez luke nahi kolono batekin esposa nadin.

—Astearterako izango dituzu —abisatu dit.

 

Egoerari amaiera eman diogu.

—Agur —esan dit euskaraz.

Txillardegik kolonoei buruz hitz egiten zuenean

oskolezko betaurreko marroi-laranjak zeramatzan.

Oskolezko betaurreko marroi-laranjak zeuden

erakusleihoan nobedade gisa estrategikoki kokatuta.

Baina nik nahiago ditut, askogatik, Cardenal

burkidearen betaurrekoak. Uste osoa dut

betaurrekoen azken bataila pastazko

betaurreko beltzen eta oskolezko betaurreko

marroi-laranjen artekoa izango dela.

Gainera Hasier Etxeberriaren dokumentalean

Txillardegik Josu Muguruzari laudorio egitearren

esan zuen ez zegoela jakiterik Muguruza

marxista-leninista ote zen edo ez. Eta hori

ez zitzaidan inolako laudorioa iruditu

Muguruza bezalako marxista-leninista batentzat.

 

Horregatik hautatu ditut zalantza zipitzik

gabeko marxista-leninisten betaurrekoak.

Nahikoa zabalak, erosoak, konplexuak,

kontraesankorrak eta anitzak dira

pastazko betaurreko beltzak.

 

Gaur betaurreko berriak erosi ditut.

Gaur maitemindu egin naiz kolono batekin.

 

© Hedoi Etxarte    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa