ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

ARMIARMA SAREA
      (1937)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

SUA

        Manuel Apalategi, Sabiaga , 1955

 

 

Mendeak zitun hamabi urte,

Nere adinak hamaika.

Udako egun bero harixe

Guziok eman harrika!

 

Aizkorri eskubi, Aralar ezker,

Hegoaldetik atea,

Mendi gainean, zuhaitz artean

Bi bizitzako etxea.

 

Atarietan garaiak zabal

Eguzki suak kixkaltzen.

Belar sorotan, ebakirikan,

Belarrak ondu t'igartzen.

 

Goiko ganbaran hasiak ziran

Gari jotzeko lanetan;

Besoak arin, bihotza pozez,

Ogi zuriren ustetan.

 

Gari balak sar, lasta balak ken,

Gizon haundien iduri,

Mutil koskorrak badabilzkizu

Gora ta behera urduri.

 

Ganbara erdian belartegia.

Belartegian belarra.

Belar hartantxe norbaitek piztu

Zori gaiztoko su garra.

 

Joxantonio mutil ederra

Aitari balak hurbiltzen.

Lana utzita hasi zan larri

"Sua! Sua!" hots egiten.

 

"Sua! Su da! Sua ganbaran!"

Hantxe negarrak, orroak!...

"Kanpora denak! Kristauak lehenen!

Behiak, txerriak, astoak!"...

 

Tzir-tzir ta tzar-tzar! Kea ta garra!

Negargarrizko gauzea!

Hantxe kixkaldu, behin da betiko,

Gaittin-azpiko etxea!

 

"Ama nun dabil?" galdetu aitak.

"Beheko gelan hor ez al da?"

Jauzi larrian leiho zulotik

Aita sartu zan bertara.

 

Su gar hartatik, bi besoetan,

Huraxe zama ederra!,

Atera zigun ama bizirik.

Amaren baitan arreba!

 

"Joxantonio nun ote dugu?

Igesi joan ote da?"

"Jo-xan-to-ni-o! Jo-xan-to-ni-o!"

Haren aztarnik ez, ez da!

 

"Ganbaran bertan gelditu al da?

Nork ikusi du irtetzen?

Gixagaixoa sutzar horretan

Ote dago, ba, erretzen?"

 

Ai sua, sua! Su gaizkilea!

Denak gaitzesten ahal haute!

Piztu orduko, zapaldu, busti;

Ito ta itzali bahindute!...

 

Gizonaren on egin hinduen

Ongile huts dan Jainkoak.

Orain, ordea, lapur, hiltzaile...

Nork esan hire gaiztoak?

 

Etxea kixkal, anaia erre,

Amatxo ere larritan...

Nola ez bada madarikatu

Txikitan eta haunditan?

 

Ez da ikusiko baserrietan

Gehiago Gaittiń-azpiko.

Joxantonio erre zan eta,

Han ez ahal da inor biziko!

 

© Manuel Apalategi, Sabiaga    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa