ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

GURE IRRINTZINA
      (1914)

HIRIKO MANERA
      (1917)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

HEMENGO MANERA

        Jean Elizalde , 1916

 

 

J. Barbier jaunari

 

Adixkide xaharra, milaka goraintzi

erreka ilun hautan ez zaitut ahantzi

gorputzez gerlan bainan bihotzez nunhai

hobe nuke hor banintz orain eta beti!

 

Errana badakizu nik baino hobeki

pegarra hausten dela ureratuz beti.

Aspaldian hemen naiz suan ardiz erdi

eta oraino... Futxo, zu bezala bizi!

 

Egia bera baita, ez dut ukatuko

aski izan dugula gerlaz asetzeko

zer bihotza behar den gogor egiteko!

Ikusi behar dire denak sinesteko.

 

Nola ahantz sekulan lehen egun tzarrak

hastean galdu ziren eremu ederrak?

Begietan beheiti denek zer nigarrak!

Xutik atxiki gaitu alemanen herrak!

 

Azkenekotz bihotzak gaindi egin zaukun

alemana sarturik Frantzian hain urrun

-Alto! -genion erran-. Geldi hadi, egun

ez duk egitekorik ez hemen ez nihun.

 

Kanoiak jarri ziren denak lerro-lerro

eta hasi karraskan orro eta orro

iduri zuten kasik ehun mila ero

han emanak hausteko beso, zango, zorro...

 

Gu gordeak ginauden oihan beltzenetan

handik abiatzeko geroxago metan

baionetak distirant gure xixpen puntan

bihotza kexu bainan alegrantzietan.

 

Aitzindariek keinu egin zuteneko

han ginen xutik denak baionetak alto

hona beraz orena irri egiteko!

Baina "hek" han zoazin, debruek hausteko.

 

Ez da hain gerlaria, beraz, alemana?

Zertako doa hala debruetan barna?

Asmatu duelakotz denek egin zina:

segituko dugula hil arte aitzina!

 

Erderki zoan gerla. Behar zen segitu.

Orduan zer ote da Frantzian gertatu?

Ala zerbeit ote zen norbeiti eskastu?

Dena den, erreketan zitzaizkun "hek" sartu!

 

Craonneko pentokan zer egun luzeak!

han iragan ditugun bihotzmin nekeak!

Min egiten daut-eta kasik oroitzeak

zoazte otoi urrun hoin amets trixteak!

 

Han dagozi betikotz hainbertze eskualdun!

Zer trixtezia hori, etxetik hain urrun!

Haurrez gabetu amak, zauzte, zauzte ilun

halako bihotzminik ez ditake nihun!

 

Hainbertze odol onek busti duen lurra

ez ezak sekulan ahantz guri dukan zorra.

Zorigaitzez ez hintzen hain jainkotiarra

berriz bide tzarrerat ez hadila lerra.

 

Craonnen azkenekotz hangotuak ginen

ez zen lehen bezala etsaia oldartzen

badaki eskualduna zer gerlaria den.

Bertzetan ez baginu frogarik ematen...!

 

Bai, frogatu behar da bertze nonbeit ere

Verdune nahi luke alemanak bere.

Heldu da. Gelditzekotz orai da tenore.

Bagoazi. Zoin ilun...! Kantatuz halere.

 

Ezin sinetsia da hantxe zer modua!

Nola zuten kanoiek lurra larrutua!

Deusik ez zen ageri baizik eta sua

sua hemen, han sua. Oi, zer infernua!

 

Harrituak bezala sartu ginen suan

esperantza guzia emanik zeruan.

Etsaia agertu zen nonbeitik orduan

debru batzu iduri galduak munduan!

 

Haste hartan bezala bero eta suharra

bihotzetan sortu zen berriz ere herra.

Nola holakoetan ez ahantz beldurra!

Zoin higuingarria den aleman muturra!

 

Ez badezaket ere kontu onik eman

daukat hil ditugula bortz mila aleman.

Bakotxak nahi zuen berea atxeman

oroitzapenen bat nahiz etxerat ereman...

 

Nork behar ote zuen lehenik lotsatu?

Gerlan eskualduna nork behar du garaitu?

Alemana, hobe duk gudua gelditu!

Gelditu zuen beraz, eta gu nausitu.

 

Han ere isuri da gure odoletik

eskualdun odol eder, bero, suharretik.

Amek eginen dute nigar gozo onik!

Jainko Jaunak detzala kontsola zerutik.

 

Oihanetan gordeak orai eskualdunak

ez ditu lotsatuko hemengo ilunak.

Bai, ilun dire hemen gau eta egunak

oihanez kanpo deusik ez baitu Argonak.

 

Bainan etorri zaiku nonbeitik berria

hasi dutela berriz oldar bat handia.

Hobe, eginen dugu behar den guzia

betikotz lehertzeko aleman zerria!

 

Eguberriri buruz... edo berantxago

eskualdunak etxerak dire itzuliko.

Bazaitzu gerlan egin dutela askitto?

Beraz "Ongi Etorri" molda zuk orduko!

 

© Jean Elizalde    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa