ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

NEGARREZ DAUKAT BIHOTZA!
(Bidasoz beste aldeko anaientzat)

        Jon Garbizu , 1924

 

 

Zubi haundi, bikainaz, Bidaso gainetik

sendo josita gaude sortu ginanetik

halaxe gaudelako joan nintzan txit pozik

egun batez, aspaldi, zubi haretatik

anaiak laztantzera bihotz-bihotzetik.

        Bihotz-bihotzetik!

 

Pozik igaro nintzan, baina nola jarri?

Gelditurik bihotza benetan elbarri

laztan bat eman nahiaz bihotzez elkarri

igaro nintzan alai eta guztia alferrik

ez nuan bada arkitu lehengo lagun zaharrik!

        Lehengo lagun zaharrik!

 

Hasi nintzan harrian poliki biraka

bihotz gaixo, apal hau neukala zotinka

nere lagun zahar bila askori galdezka

guztiak erantzunaz benetan isilka...

Zuloratu zituzten bat bestea'n gainka!

        Bat bestea'n gainka!

 

Euskaldun seme sendo, indartsu, azkarrak

betiko hil zizkigun gudako sugarrak.

Otsoa bera hilko zuten atzaparrak

zituzten ta, nork neurtu, nork, haien indarrak?

Azkenik guda baten izkilu minkorrak!

        Izkilu minkorrak!

 

Burdin-sarez itxita hilobi irudiak

nonahi agertzen dira kalea'n erdian

gazte haiek hil ziran kale eta mendian.

Eta oroitzapena berriz jarri da herrian

otoizteko bihotzez beren izenian.

        Beren izenian!

 

Irudi baten aurrez nintzanean jarri

hantxe nuan lagunen izena irakurri

Etxart, Etxepare eta bai Luzarriturri:

orduantxe begiak nituen iturri...

Bihotz-bultzadaz zan-ta, ur mardula isuri!

        Ur mardula isuri!

 

Guda madarikatu hain izugarriak

hondatu zuan arrunt han Euskal Herria.

Hil ez ziranak ere dira elbarriak

elbarri ez diranak txit beltzez jantziak

beltzez jantzi ez danak galdu du maitia!

        Galdu du maitia!

 

Etxe askotatikan aita eta semeak

joan ziran, izan arren txit errugabeak

beren etxean orain dira oinazeak...

Nork zaintzen ditu bada haien senideak?

Nork ordaintzen diozka dituzten kalteak?

        Dituzten kalteak!

 

Gure anai mateak ez zuten ezer zor

eta hala ere joan behar ekitera gogor.

A, pittin baterako banintzake sator

lurpean emateko bi laztan maitekor

haiek gabe bihotza daukat-eta minkor!

        Daukat-eta minkor!

 

Guda nahi duten haiek hil bediz lehenbizi

besteren indar bila ez ditezen hasi

ezagun da ez dutela oraindik ikasi

nola diran semeak sendietan hazi.

Nahiko guda, hauek hazten, etxean da ikusi!

        Etxean da ikusi!

 

Negar egin dezagun euskaldun jatorrak

hil zituan-eta anaiak gudaren zigorrak.

Beren belarri haiek dagoz orain gorrak

odol indartsu zainak benetan lehorrak...

Hartu bitza berekin Jainko hilezkorrak!

        Jainko hilezkorrak!

 

Lagunak laztantzera joan nintzan hain pozik

eta laztandu gabe irten behar handik!

Anaiak, entzun ondo: bihotz hau geroztik

hementxe daukat beti benetan gaixorik...

Hara pozez joan zan ta negarrez etorri!

        Negarrez etorri!

 

© Jon Garbizu    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa