ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

BANINTZ
      (2008)

POSTALA
      (2008)

ZAINDARIAK
      (2008)

LITERATUR BALIABIDEAK
      (2008)

LOTSA VASCONIAN
      (2008)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

EZ AZKARRA BAI SAIATUA, 1

        Ibai Iztueta , 2008

 

 

Bazterreko herri batean, baserri pobreetan sortutako

semea eta alaba

izan ditut amaren gurasoak.

 

XIX. mende amaierako eta XX.enaren hasierako

urteez ari gara, Belle Epoque Europan eta handik

atzera zer ageri den begiratuz gero,

pare bat karlistadaren lainoa baino ez dugu atzemango.

 

Bikote honek,

ezkondu ondoren,

goialdean etorkizunerako panorama beltz samar

zetorrela ikusi

eta eginahalak egin zituen menditik jaisteko.

Eta aitortu behar da

ia lortu zutela.

Izan ere alokatu zuten baserri xelebrean, sukalde

ondoko ateak

landara ematen bazuen ere, ukuilukoa

kale-kalera zabaltzen zen.

 

Hamaika

seme-alaba izan zituzten

eta inoiz horietan zaharrenari entzunda dakit

senar-emazteen artean

eztabaida izaten zela ea umeak

nola hezi.

 

Andreak komenigarritzat zuen

neskame

edo

morroi

izatea zer zen jakin zezaten

hankagorriok etxetik beste norabait

bidaltzea.

 

UMIL izaten IKASTEKO modua zela

zioen.

 

Gizonak, aldiz, ez zuen horrelakorik

entzun ere egin nahi.

 

Bera bizi zen artean ez zela bere seme-alabarik

inongo nagusiren adorean

ibiliko

aldarrikatzen zuen.

 

6 urte betez gero etxetik kanpo,

Apeaderoan

      ume zain,

          Aizpurutxon

                    neskame,

                        Araban

                          txerri-zain,

                            Harriurdinen

                                          morroi

eta beste hainbat lekutan esaneko ibiltzea zer zen

ederki probatuak ziren eurak.

 

Amona —ia ehun urte ditu egun— ez da andere umila.

Baina ziurrenik HARROTASUNA

pobrea zaurkor bihurtzen duen zaindu beharreko

joeratzat du

eta HARROKERIA, berriz,

lotsagarri geratzeko biderik zuzenekotzat.

 

Pertsona isila da bera,

erraz usma litekeenez.

 

Aitonari

kontua eta kantua

ikaragarri gustatzen omen zitzaizkion

eta baita

bizilagunak

erosi, irakurri eta beti hurrengo egunean

utzitako periodikoa leituz ilustratzea ere.

Gazte hil zen.

Lantegian, eskaileretan behera erori eta

lepahezurra hautsita.

 

Hil ezkero,

isila da bera ere.

 

Eta baiki, hasiera aldean aipaturiko eztabaida haren harira

azpimarra liteke

UMILIAZIOAREN eta UMILTASUNAREN arteko marra

ez dela batere argia izan

gure amaren gurasoen etxean.

 

© Ibai Iztueta    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa