ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

BETIRAKO BAKEAREN TRACTATUS
(KANT-EN OROIMENEZ)

      (1989)

LEYDEN ITSAS AZPIAN
      (1989)

AZAROKO HAIZEGOAN
      (1989)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

ITZULI NAHI DUEN BESTA EGUNA

        Eduardo Gil Bera , 1989

 

 

Gauaren buruan,

ilunaren lehen histuran,

nehoren ez den dermioan,

ixiltasuna bera baratzen da

eta beti

bada txio egiten duen xoririk

eta ixo

tronpatu delakoan.

Haizeņo mehar batek eramana,

nondik ez dakidala,

heldu zait hagitz urrutikako hura,

                                              hura

Abantzirik ez bide nuen

arratsalde bat,

bertze mundutik etorria iduri,

txio bakun bakar hura.

Eta han,

 

                orkesta kioskoan jotzen,

                hiru lagun: kordiona, kitarra eta

                txundata.

                Solas guziak bilduz, musika,

                eta han,

                goiko belagi hartan,

                ardi batek burua goititu du.

                Hiru neskato dantzari,

                mutilak, ostatuan, muturra berotzen.

                Frontoiko itzala handituz,

                iguzki izpiurre luze batek

                tontor urranak perekatuz.

                Arratsaldea baratzen da

                bestaliar guzien gainean,

                eta kirikaka ari da, ixtanpatean,

                gero goi alderat egiten du eta desageri,

                Estrata eta zokoetarik ilun hits bat dario,

                orkestak gorakigo jo.

 

Zeru osoa zurituz doaie,

hemen,

zuri hits batez tintaturik.

Ate danbada bat

arboleko xoriak ixo;

eta berriz bat, sarri oro.

Bestako arratsalde, erran,

nola heldu hatzait honat?

Paretak eta puskak itxuratu dira,

iratzargailu baten zirringa.

Nik ere ez,

ez dakit nola oroituko ditudan,

heldu den aldiro

eta hemendik harat,

ikusiko ez ditudan aurpegiak.

Sekula oroituko ez ditudan aldiak,

non, norako eginen dira?

Pausatzeko gogorik ez dutenak,

gau eta ilunaren arteko aldean,

nehoren ez den dermioan,

ixiltasuna bera baratzen denean,

barrandan ari dira

beren gogo gainean.

Batzutan atalaitzinean dira plantatzen

bidaiari zahar haren iduri,

higatuak,

urrungo lehiorreko arropaz beztiturik,

doi doi ezagutuz sortetxea eta arrontik arroztuak;

gehienetan, aldiz, soberesten dute

oroitzaren etxapea eta soilik

hegaldaka ukitzen dute

leihoko kristala.

 

© Eduardo Gil Bera    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa