A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

 

ATARRATZE JAUREGIAN

        anonimoa , XVIII. mendea

 

 

Atarratze jauregian bi zitroin doratü

Hongriako erregiak batto dü galtatü;

Arrapostü üken dü eztirela huntü,

Huntü direnian, batto ükenen du.

 

Atarratzeko hiria hiri ordoki;

Ur handi bat badizü alde bateti,

Errege-bidia erdi erditi,

Maria Maidalena beste aldeti.

 

Aita, saldü naizü idi bat bezala;

Ama bizi üken banü, aita zü bezala,

Enündüzün ez juanen Hongrian behera,

Bena bai ezkuntüren Atarratze-Salala.

 

Ahizpa, juan zite portaliala,

Ingoiti horra düzü Hongriako erregia;

Hari erran izozü ni eri nizala,

Zazpi une huntan ohian nizala.

 

Ahizpa, enükezü ez sinetsia,

Zazpi une huntan ohian zirela;

Ez eta ere hafi eri gaitz zirela,

Bera nahi dükezü jin zü ziren lekila.

 

Ahizpa, jauntz ezazü arropa berdia.

Nik ere jauntziren dit ene xuria.

Ingoiti horra düzü Hongriako erregia;

Botzik kita ezazü zure sor-etxia.

 

Aita, zu izan zira ene saltzale,

Anaie gehiena dihariren harzale,

Anaie artekua zamariz igaraile,

Anaie txipiena ene laguntzale.

 

Aita, juanen gira oro alkarreki,

Fixera jinen zira xangri handireki,

Bihotza kargatürik, begiak bustirik,

Eta zure alaba tunban ehortzirik.

 

Ahizpa, zuaza orai salako leihora,

iparra ala hegua denez jakitera,

iparra balin bada goraintzi Salari,

Ene korpitzaren txerka jin dadila sarri.

 

Atarratzeko zeniak berak arrapikatzen,

Hanko jente gazteria beltzez beztitzen,

Andere Santa Klara hantik partitzen:

Haren peko zamaria ürrez da zelatzen.

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko