ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

LOTAN ZEGOEN LASAI
      (1988)

EROMENAREN INGURUAN
      (1994)

BAZEN BEHIN
      (1994)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

HILDAKOEN ARTEAN IZENDATU NINDUTEN
(«EPIKA GARAIAK EZ DIRA IRAGAN»)

        Joakin Balentzia , 1988

 

 

Hildakoen artean izendatu ninduten,

asmo oroz, baina erabat okertu ziren,

hira berdez mozkortuak;

maiz gertatzen zaiela, nik uste,

kakatzazko pailazo horiei,

huskeria distiratsuak, produktu akituak

nazioarteko merkatuan iragarriz,

hogerlekoak lau pezetetan

saldu nahi dituzte ergel horiek.

Hemen inork sinestu dienik ez pentsa,

baina txantxa makina itzela egiten dute

deusetaz pentsatu, burua betetzekotan,

nahitaez, zama huts baten antzera.

 

Hildakoen artean izendatu ninduten

kontu irrigarri eta ilunak eginez.

Baina nirekin okertu ziren oro

sugandila goibel horiak, galduriko gatazkak

zibilizazio eta kulturaren garaipenak bezala

kondatzen dituzten agure adurti horiek.

 

Bestelako garaiak ziren,

baina inork ez gogoratu arren,

hemen ongi informatu gara eta

oraingoan ezagunak baditugu

beren zibilizazioaren egiazko aurpegierak.

Haurrek ere irakurtzen ikasi baino lehen

egia berri eta zaharrak aldarrikatzen dituzte,

datu aurkituen nabaritasunak

eskaintzen dienaz ozenki pentsatuz.

 

Hildakoen artean izendatu ninduten

jokalari kirten, arrakero arrunt horiek.

Urrezko iturrietan edan zuten, bai zera,

eta orain lehor eta pozointsuak daude.

Luzaro izorratu zituzten ene belardiak.

eta niri purtxileriak saldu nahi

kolonizaturiko «basati onei» bezala;

baina, hondarrean, nire benetako truke txanpona

erakutsi nien, hots, hodi ketsuak,

oihu airatsuak, mila ezpata zutik,

arbol lerdenak bezala,

bular mehatxagarriak, ez birginenak,

andraundi ergelenak ezta ere,

ahots latz eta kementsuzko sorginenak baizik.

 

Hildakoen artean izendatu ninduten

zakar horiek beren paperetan,

inperioko hizkuntzaz idatzita beti,

bizien munduko zerrendatik ezabatuz gero,

aise desagertuko nintzela pentsatuz.

Baina okertu ziren nirekin oro

jainkozko hiraren kudeatzaile trauskil horiek,

bortizkeria sainduaren apezak,

beren sastagaiak eta pistolak kontsakratuz,

goren sazerdote izartsuaren monagiloak,

beren jabearen ahots hutsak.

Bidaia luzea izan da geurea,

baina ziur izan buru jotzeko zorian gaudela,

pazientzia bait dugu gure uzten haztea

urtero ikusteko nahikoa,

esku geldietan ez itxaroteko modukoa, ordea.

 

Hildakoen artean izendatu ninduten

beren haunditasun eta batasun bortxatuaren

kalkuluak egiterakoan, lastozko mamuek;

baina okertu ziren behin eta berriz

umeei ere beldurtzen ez dieten fantasma horiek;

nire solasak iraun zuen inoiz baino biziago,

zanpatzen utzi ez zireneko mila hitzez egindakoa,

geure sekreturik barrukoenak elkarri aitortzeko,

egiarik gorrienak aldarrikatzen jarraitzeko,

jakintzaren adierazpide guztiak azaldu ahal izateko,

nire solasak iraun zuen;

hau da herri bonen kantua,

hildakoen artean izendatu zuten herria.

 

© Joakin Balentzia    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa