A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

BETI ZUTZAZ PENTSATZEN
      (1868)

HOBE SARTZEA SOLDADU
      (XIX. mendea)

APAIZAREN KANTAK
      (XIX. mendea)

POBREAREN SUERTEA
      (XIX. mendea)

KONTZEZIRENTZAT
      (XIX. mendea)

  literaturaren zubitegia  

 

IZAZU NITZAZ KUPIDA

        Indalezio Bizkarrondo, Bilintx , XIX. mendea

 

 

Loreak udan ihintza bezela maite det dama gazte bat,

hari hainbeste nahi diotanik ez da munduan beste bat;

inoiz edo behin pasatzen badet ikusi gabe aste bat,

bihotz guztira banatutzen zait halako gauza triste bat.

 

Neskatxa gazte pare gabea, apirileko arrosa,

izarra bezin dizdizaria, txoria bezin airosa;

oraintxe baino gusto gehiago nik ezin nezake goza:

zori onean ikusten zaitut, nere bihotzak hau poza!

 

Ez al didazu antzik ematen nik zaitutala nahiago,

ai, marinelak gau ilunean izarra baino gehiago?

Nere ondoan zauzkatalako pozez zoraturik nago,

zu ikusteak alegratu nau, triste negoen lehenago.

 

Nik hainbat inork nahi dizunikan arren ez zazula uste,

nere begiak beren aurrean beti desio zaituzte;

eguzkirikan ikusi gabe txoria egoten da triste,

ni ez nau ezerk alegratutzen zu ikusteak hainbeste.

 

Arpegi fina, gorputza berriz ez dago zer esanikan,

hizketan ere grazi ederra, ezer ez dezu txarrikan;

mundu guztira miratuta're zu bezelako damikan

agian izan liteke baino ez det sinisten danikan.

 

Nere betiko pentsamentua, nere konsolagarria,

zu gabetanik ezin bizi naiz, esaten dizut egia;

zu bazinake arbola eta ni baldin banitz txoria,

nik zu zinaken arbol hartantxe egingo nuke kabia.

 

Amodioak nere bihotza zureganuntza darama,

herri guztian zeren dakazun neskatx bikainaren fama;

beste fortunik mundu honetan ez det desiatzen, dama:

haur batek berak izan gaitzala ni aita eta zu ama.

 

Falta duenak logratutzeko hitz egitea txit on du,

eta nik ere saiatu bihet ote gintezken konpondu;

gaur nagon bezin atrebitua sekulan ez naiz egondu,

hargatik golpez galdetzen dizut nerekin nahizun ezkondu.

 

«Ezkondutzeak izan behar du preziso gauza txarren bat!»

hala esaten ari zait beti nere konsejatzaile bat;

halaxen ere haren esanak oso utzirik alde bat,

ongi pozikan hartuko nuke zu bezelako andre bat.

 

Zerorrek ere ongi dakizu aspaldi hontan nagola

zuregatikan penak sufritzen, bainan ordea hau nola!

Halaxen ere nigana ezin bigundu zaitut inola,

ni zuretzako argizaia naiz, zu neretzako marmola!

 

Nere bihotza urtzen dijoa eta ez da misterio

penaren kargak estutu eta zumua kendutzen dio;

begiak dauzkat gau eta egun eginikan bi errio,

beti negarra dariotela zu zerarela merio.

 

Zu zeralako merio baldin joaten banaiz lur azpira,

gero damua eta malkoak alperrik izango dira;

behin joan ezkero hoien birtutez berriz ez niteke jira,

hori gertatu baino lehenago izazu nitzaz kupira!

 

© Indalezio Bizkarrondo, Bilintx    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko