ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

Egile berarenak:

 

PARADISU GALDUARENA
      (1984)

TCHAIKOVSKIREN PATETIKA
      (1993)

BEDERATZIGARREN KANTA, I
      (1999)

  literaturaren zubitegia  

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

JOANNES DE ETXANIZEN BALADA

        Patxi Ezkiaga , 1990

 

 

Milla bosteun larogeita lauko

abenduaren hogeita lauean

herio kanta jo dute gizonek

Terranova aldeko Red Bay badian;

zutik diraute zortzi marinelek

hilik joannes de Etxaniz lurrean,

neguko laugarren harrapakina

geroko beste zenbaiten hastean.

 

Ezin aseak engainatu ditu

edota, nahi bada, bizi beharrak;

Ondarruranzko itzulera bidaian

abestu ahal izateko nahiak;

galeoiaren barriken artean

asko dira oraindik hutsik daudenak...

zergatik ez azkeneraino urtu

eman diezaiekena balegantzak?

 

Berandutzen zirudien neguak

galeoiko marinelen erreguz,

berandutzen gau lumen itzala

argi mehe ta biguinaren kabuz.

Ifarrak harrapatzen ez baditu

ez dago heriotzik hegoalderuntz...

noiztik bete ohi dira ur epelak

segalariak jotakoen oihuz?

 

Horregatik ziharduten gizonek

baletzar galtzailearen atzetik,

orduak eta orduak gauean zehar

arpoiaren magiatik zintzilik;

zulatuta zebilen ugaztuna

herio zauri luzez zauriturik,

zartatuta gizonen esperantza

borrokaren hari beltzari eutsiz.

 

Egunargiz eman zuen azkena

eta argi betez zuten kaieratu,

sei gizon, hamabi arraun ta txalupa

eginik danak garaileren kantu.

Uraren esmeralda urratua

gorri paprikaz zitzaien tintatu,

heriotza bizitzarekin dantzan

gizonen eskusoinua laztanduz.

 

Gero sutearen txanda iritsi zen

kobrezko pertza sakonak gorituz,

urina erregai, lumera olio

ta kea nonahitik ortziak beztuz.

Garabi besoak kexu zebiltzan

zati astunak ezin garraiatuz...

neguaren aurkako lasterketan

Lanak zekarrena ezin gailenduz.

 

Ekin diote lanari. Mila bat

barrikaz gainezka dago sotoa;

urteko irabazia da ta denei

etor dakiekenaren geroa.

Luzea izan da Red Bayko gaua,

murritza, aldiz, mariņelen loa;

Joannesen hitzak esnatu ditu:

«Jota gaude! Ura jelatuz doa!».

 

Bere oihalak haizetarantz zabalik

ezin du tillajeak jela hautsi,

gizonen madarikapenak ezin

itsasoaren bihotzera iritsi.

Etxerunzko desio ta asmoak

hotzak luzarorako ditu itsi;

patu lazgarria dauka gizonak:

jasan ezina jasan ala etsi.

 

Lau hilabete izango dira, lau

ta mariņel gehienentzat gehiegi,

elurra, jelatea eta elurra...

borda zaharra, gizonen artegi.

Hamalauk hasi dute lasterketa...

ikusi behar nork dezaken segi,

inori loa gerta ez dakion

betirako itsita dagoen begi.

 

Baina ahuleziak jango ditu ta hotzak,

gaixotuen gorputzak morez jantziz;

zai dirautenen esperantza hutsak

heriotza edertasunez erauziz.

Batzurentzat ahitu da kandela

azken argi dardarakorra itzaliz...

hiru gizon joan dira jadanik

eta Gabon Gauan Joannes d'Etxaniz.

 

Luzea izan da etsaiaren arpoia

ta kupidagaitza arerioa.

«Beldur diot heriotzari», dio,

«espero nauenarengana noa».

Begi gazteak itsi dizkiote,

eskuetan jarri errosarioa...

Bertan dirau. Ondarru bihurtu du

Red Bay hartako lurraren altzoa.

 

© Patxi Ezkiaga    

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa