A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | R | S | T | U | V | Z |
![]()
Egile berarenak:
HILBERRIKO IZPIRITUA
|
PROUSTITUTA Pello Otxoteko , 2003
Neroni zelebratzen naiz eta neure burua dut kantatzen, eta zuri ere kantari ari natzaizu neskatila liraina neskatila xarmanta.
Jatorrietara nator atzera genesi matrizialera kreazioaren uterora zerizanaren barne-muinera zeure kaliza sakratura. Horregatik, zapata gorriko neskatila, zapata gorriko neskatilaren bila nabilen guztietan neroni zelebratzen naiz, eta neure burua dut kantatzen edertasunaren poza goraipatuz.
Krisalidaren xarmak etsipenean amilduriko arnasa berratxikitzen dugunean soilik gaitu txundituko. Eta Eguzkiren sutargiak hodeiertzean berantetsi baino lehen lausoa digu kenduko eulien zurrunbilo kiribilduan kantu alegera toparaziz.
Neroni zelebratzen naiz eta neure burua dut alaitzen, eta geure burua dugu kantatzen izpiritu garbiak goraipatzen ditugun orotan
Ez dakit zure izena, agian, Lucy edo Lulu, baina neuretzat Roxeanne izan zinen.
«La petite morte» zer den erakutsi zenidan, inoiz baino sutsuago niri bizia barneratuz eta igorriz.
Orain hortxe zaude beti bezain ttiki kalean hotzak hiltzen. Zeure buruari itaun eginez, iragan denborari buruzko erantzunen bila. Arnasa galduaren ondarea non gorde ote daitekeen galdezka zeruari orroak jaurtikiz.
Arimaren gatazka esperantzaren agoran libratu beharra dago. Baina askatasuna esperantza oro galtzen denean lortzen da, eta zeure begirada lausotuan esperantza printzak dira nagusi.
Vestale korroitua, lugorrian utzitako izpiritu garbia, izaraz zauritutako argia, zamaz zulatutako gorputz ahitua.
Ezgai ziren esploratzaileek hiletsitako arkanoa, zeure baitan gorderik duzu urrezko ardi-larrua.
Oi, zelebratzen naiz zutaz gogoratzen naizen bakoitzean! Oi, zelebratzen naiz, eta donetsi mirespenez zu ezagutu zintudan eguna!
© Pello Otxoteko |
|