ABCDEFGHIJKLMNOPRSTUVZ


armiarma

 

 

 


Hasierako orrialdera

 

 

ZER DA GURE BIZIA...

        anonimoa , XVIII-XIX. mendeak

 

 

Zer da gure bizia, adiskide maitea?

Iragaitza labur bat nahigabez betea.

 

Oi, zenbat atsekabe gure hara-hunetan!

Zenbat kirets, bihotz min, goiti-beheitietan!

 

Ezagun, aita, ama, haurrideak utzirik,

Itsasoko beldurrak, helkaitzak ahantzirik,

 

Peskizak baderama untzitan marinela,

Ustez aberasteko urrun gan behar dela.

 

Zenbat gerla biztu du ontasun egarriak!

Zenbat eman ez daiku ondiko lazgarriak!

 

Oi, gizona! Hihaurek hire bizi laburra

Beti garrazten duk. Ez deia bada lurra

 

Berenaz aski latza? Hanbat bekaizkeriez

hanbat asmu galgarri, hanbat gaixtakeriez,

 

Gogorrago oraino hihaurek egin gabe?

Eta bizkitartean ez haiz, bada, herabe,

 

Hire atseginentzat egiteko ehun laster,

Mundua iraultzeko dena bazterrez bazter.

 

Gaztelu super hori norentzat egiten duk?

Barnera sartu gabe menturaz hil behar duk!

 

Herio beltzak ez dit, ez urrikalmendurik,

Ez aberatsen gupida, axola sobraturik!

 

Bai, oroitzen bagina, zein iraungikor diren

Hemengo izaiteak, ez ginduke bizturen,

 

Eskatima, gerlarik: bake maitagarria

Gizonarentzat laite bizi gozagarria.

 

Ihizin nabilarik udan goiz aldeari,

Bozturik gelditu naiz xorien kantuari,

 

Gogoetan egon naiz hekien atseginez,

Urrikalmendu nuen munduko dolumenez.

 

Baldin gizona balitz zuhurtziaren jabe,

Kimeretarik urrun, herrakunderik gabe,

 

Berak ikus lezake bertze gizonik dela,

Bai eta berma laite bizitzera bertzela.

 

Baina ez! Zoratzen da gizon dohakabea.

Guk, zer eginen dugu, adiskide maitea?

 

Nihor zuhurtziaren amodio duenik,

Edireiten badugu, elkargana lehenik,

 

Guziak bil gaitezen, utz dezagun zoroak;

Goazen, preza ditzagun egiazko gozoak.

anonimoak

 

mendeak
15
16
17
18
19
20
21

 

poemen
aurkibide
alfabetikoa