A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

MEMORIA EZ GALTZEKO OHARRAK - 3
      (2000)

AKIDURAZKO OHARRAK - 1
      (2000)

ERDU
      (2000)

ERRADIOGRAFIA
      (2000)

GAUA ETA GATZA
(Klimten Musua pinturari begira)

      (2008)

ETXE BERRIA
      (2008)

AHAZTURA
      (2008)

GERRAKO HAURRAREN ERREPIKA
      (2008)

LINGUA NAVARRORUM
      (2008)

GERANIOAREN MINIPOETIKA
      (2010)

727. GELAKO BESAULKIA
      (2010)

OSTERA LABURRA
      (2010)

AMETSETAKO GATZA
      (2010)

  literaturaren zubitegia  

 

LA JOLIE FILLEREN AUTOMITOLOGIA

        Miren Agur Meabe , 2010

 

 

Maite ditut parentesiak, masail irriberen antzeko esparru kontrolatuak, etxera apur bat berandu iristea, paisaiaren iodozko kontrasteak.

Maite ditut zehaztasun zalantzagarria, deskribapen inozoak, arrisku baimendua, narritadura eta pixagura eragiten dituzten fosforeszentziak.

Txikitan, urrezko eskumuturreko bat utzi nion neska koxkor bati, berak zabu bat uztearen truke. Etxetik bidali ninduen amak gero, iruzurtiaren bila. Neskatoak ukatu egin zuen gure ituna. Agiraka egin zidatelako gogoratzen dut tratu gaizki egindako hura.

Beste behin —marea bizien sasoian, olatuen kipur horixkak harrapatua baitzuen hondartzaren okotza, zornezko sufle baten antzera—, neska berberak eta haren lagunek biluztu egin ninduten familietan jolasteko, neu nintzela-eta denen panpina. Olatu batek ipurdia busti zidan. Ur lohi hura eta mutiko atzeratu baten begirada gomutan ditudalako gomutatzen dut nire deslaitasuna. Gomutan, halaber, hotza eta lotsa.

Badihardut, beraz, negozio eskasak zenbatzen, kuleroak neuretzat gordetzen, ur nahasiak miatzen, iragana neure alde baliatzearren ezorduan jaikitzen. Otoitz egiten dut inoiz gal ez ditzadan torlojuak doitzeko behar ditudan hatzak.

Zenbat neskato bortxatu dituzte gaur Burundin? Zenbat mutiko hil dira azken minutuan Darfurren? Afganistango haur bat mintzo zait argazki batetik: «Une bat izan nintzen, ez besterik, mosaiko geometriko handian, tesela galkor bat, hain erlatiboa. Gero, dorreen ahoek nire itzala irentsi zuten, eta ez zen ezer gertatu. Amaren ahotsa entzun nuen nire izenaz erditzen, hormako arrakala bat bezala. Gaur egun lasaia da. Nire oinak zaborrontzi batean geratu ziren. Nire bizitza beste alanbrada bat da».

Hona hemen berriz bestelako hotza eta bestelako lotsa. Utz ditzadan bakean babesgabeak. Ez, ni ez naiz inor zuek nik ahotan hartzeko.

Au revoir, la jolie fille, à jamais, la petite, tout est dejà bien vu au temps des adieux. Ça va bien ce soir, hau ez da ezer. Erre ditut koltxoiak eta fakturak, argazkiak, pilulak eta postalak. Ça va bien ce soir, hau ez da ezer. C´est la vie en rose, zoriaren ferra, c´est la vie en rose, anfibioon gerra.

 

© Miren Agur Meabe    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko