ZURE IZENA
Migel Anjel Unanua , 1987
Zure izena, maite,
garrasia da
izarrez izar, oihartzun
nire kazkazurrean,
itsas beltza iragan
ahal izatearren
ontzia den
kazkazur honetan,
izan ez zinan haren
garrasi eta oihartzun!
Azken saio hau
azken keinu bat
da ilunean, azken
taupada bihotzean,
laztan, astiro,
heriotzaren ertzean
berriro
xendera odoletan
abantean
eskeintza bat, miresjaun
hilezkorrak ospatzen
diren aldaretan.
© Migel Anjel Unanua