Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
BI + BI EZ ZIREN HOGEITA SEI BAIZIK
(2002)
UHIN TXIKITXOAK SORTZEN NITUEN
(2002)
BALIO DU NIRE ODOLAK URREA
(2002)
OSO EDERRA IZAN ZEN
Xabier Galarreta , 2002
Lehenik, hipermerkatu batera joan nintzen.
Apal guzti-guztiek arretaz begiratu ostean,
autoa hartu eta beste «hiper» batera joan nintzen,
eta han ere gauza bera egin. Orduan, autoan berriro sartu
eta hirurgarren hipermerkatua bisitatzera joan nintzen,
bertan gaueko hamarrek jo zidaten arte.
Eta kale gorrian geratu nintzenean,
ezer erosia ez nuela ohartu nintzen.
Eta hantxe, hirurgarren hipermerkatuko aparkalekuan nengoela,
basamortuan bezalaxe,
begia gorantz jaso eta zerua izarrez gainezka zegoela ikusi nuen.
Eta eskua ere gorantz jaso nuen;
eta berriro jaitsi nuenean,
esku-ahurrari so egin eta gauza distiratsuz beterik kausitu nuen.
Oso ederra izan zen.
Oso ederra sentitu nintzen.
Gero, ezer ez.
Gaueko orduak igaro
eta goizeko hamarrak heldu zirenean,
munduko hipermerkatu guztiek
ateak ireki zituzten,
nik detonadoreari sakatu
nion uneantxe...
© Xabier Galarreta