Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
AMERIKETAKO LETXEROAK ETA OSTALERAK
(XIX. mendea)
KANTUZ
(XIX. mendea)
GIZON ZAHAR BATEN ARRENGURAK
(1912)
LABEKO PEON BATEN ARRENGURAK
Jose Mendiage , 1912
Abiatzen naiz orai kantatzen,
Suietak hala bainau manatzen,
Egon zaitezte otoi, aditzen,
Nere berriak ditut kondatzen,
Amerikarat nola jin nintzen,
Ikasiko dut hemen bizitzen.
Atera nintzen Euskal Herritik,
Ilusionez dena beterik,
Fite itzultzeko, aberasturik;
Espantu frango bazen urrundik,
Nehun ez zela leku hoberik.
Hobe nukeien fraile sarturik.
Jautsi nintzenian hemen lurrera,
Laster ein nuen labe batera,
Apuratua, fortuna eitera,
Lan frango eta guti jatera,
Ez gizentzeko leku onera;
Orai «barro»tik ez naite atera.
Han ari gira denak lanian,
Goizik hasi-eta, arrats artian,
Leporainoko ixtil batian,
Denbora guti galduz jatian,
Edariekin beti bakian,
Ez mozkortzeko leku ederrian.
Zortzi orenetan, «mate» egosia,
Galleta mutxi baten erdia,
Hori da beti gure askaria.
Deus ez liteke, balitz garbia:
Kolorez berde, zihoz betia,
Indar eiteko, zer sokorria!
Mahainian prest da, eguerditako,
«Puchero» eder bat bazkariteko.
Nahiz ez giren enpatxatuko,
Haragi guti, hezurra frango;
Ogia ez da soberatuko.
Plat bera dugu afariteko.
Haragi hori buxeriatik,
Ona kendu-eta, hoberenetik,
Buru eta sorbal, bien artetik
Lotzen ahal da, segur gogotik,
Idi zaharraren lepo zokotik;
Badu non josta, ez badu hortzik.
Kozinertsa da Italiana:
Auzoan dauka garbitasuna;
Beti oihuka: «Per la Madona!».
Eltzian bada puxka bat ona,
Haren jateko badu zikana,
Zilipitria tzar, Napolitana!
Lapurdi aldeko da «kapataza»,
Nahi duenian langile gaitza.
Manatzen ere badaki ontsa;
Mutilendako begi zorrotza,
Kozinertsari mila karesa,
Nahi duenak konpreni beza!
Aste guzian nekatu-eta,
Igandetako guretzat bada
Beti zerbait lan; euria ez bada
Eguerdi artio: «Dale desbarba!»,
Buruz behera ari behar da,
Zuzena ere makurtuko da.
Ez dugu segur, arratserako
Oren bat trankil deskantsatzeko,
Hedoi ttipi bat agertu orduko,
Nagusia oihuz, «apilar»eko,
Gorputz ta arima, bien galtzeko,
Oi zer gizona, Akelarreko!
Batek dirua badu galdatzen,
Orduan ez da hainitz presatzen,
Zerbait zikana dauku pentsatzen:
Fatura guti duela saltzen;
Saldua ere nekez kobratzen;
Gezur horrekin gaitu pagatzen.
Uste ginuen, hunat artian,
Gaizki ginela Euskal Herrian,
Gure aitama gaixoen aldian.
Han bizi ginen, denak bakian,
Gure arbasoak sortu lekuan;
Bizi hoberik ez da munduan.
© Jose Mendiage