MADALEN LARRALDE SARATARRA
HAMABORTZ URTETAN HILA, 1794AN
Laurent Diharassarri , 1896
Elizak hutsak ziren, apezak ihesi,
Debruaren mutilak Frantzian nagusi!
Gure Eskual Herrian, orotan gainetik,
Giristino jendentzat ez zen bizitzerik.
Primadera goiz batez, argi urratzean
Saratar bat heldu zen Berako bidean,
Nexka gazte guria, Madalen Larralde,
Bakarrik, otoitzean, zoan etxe alde.
Bet-betan sasipetik, otsoen pareko,
Soldadu batzu oihuz ateratzen zaizko.
—Non habila, neskatxa? Zertan hintzen Beran?
Hots, egia dena den, guri laster erran.
Badaki Madalenek, egia erranik
Ez dela harendako luzaz bizitzerik.
Hala ere nahi da egiaz mintzatu:
—Kofesatzeko, dio, naiz Beran izatu.
—Zer! hoin lili freskoa hoin laster ebaki?
Ez, nahi hindukegu bizirik atxiki,
Ez aitor beraz zertan hindabilan Beran,
Xuri edo beltx, bertze zerbeit asma ezan.
—Bertzerik erratea gezurra litake,
Gezur hortaz arima zikinduko nuke.
Hil behar balin badut, hil nadila garbi,
Garbi bizi dena da egiazko lili.
Eta Madalen beti hitz berean dago.
Nola Saran lehenik, Donibanen gero.
Han dire Donibanen, jujeak bildurik:
Badohakote nexka begia lainorik.
Bai, bai, jaunak, hala da: kofesatzen nintzen,
Ez dut egin dutana batere gordetzen.
—Haizen bezalakoa badinagu aski:
Lepoaren moztea din horrek merezi.
—Lepoa dautet beraz sarri pikatuko!
Ez naiz ordutik mihiz mintzatzen ahalko,
Bainan hor izanen dut odola lekuko,
Gogotik hil naizela egiarendako.
Jendez da, Donibanen, estalia plaza,
Plazaren erditsutan gilotina gaitza.
Aingeru bat iduri debruen artetik.
Madalen agertzen da eskuak loturik.
Oro nigarrez daude, hura aldiz kantuz.
Lorietan badoa hiltzeari buruz.
«Salve, Regina», dio, «Agur Erregina».
Zutan dut esperantza, Ama guziz ona!
Iganarazten dute tresna lazgarrirat;
Burua pikaturik badoa lurrerat,
Bainan arima xuxen altxatzen zerurat,
Egiak du betikotz hartzen bereganat.
© Laurent Diharassarri