ARRANTZALEA
Bitoriano Iraola , 1902
Nere ume, ume zoragarriya,
jatxi zaite itsas bazterrera,
biyotz bigun eriyen kantatxoak
ixiltasun ontan entzutera.
Bateltxoan biyak eseri eta
naitasunez bakar-bakarrean,
nere antsi amoriyoz beteak
sartutzeko zure biyotzean.
Gau illunak zerua estaltzen du,
itsasoak ez dauka mugirik,
aize bigun epelak soseguan,
dana dago, dana zori-ongiz.
Itsasora irteten naizenean
goizean goiz nere bateltxoan,
beti zaitut imajiņa bezela
eramaten gordia kolkoan.
Biyak joango gera goizaldi batez
bogatuaz itsas barrenera,
aize ariņ gozotsuen soņuan
naitasunen penak kantatzera.
Zuretzako arrapatuko ditut
milla arrai polit politenak,
gero aiek oartu ondorean
zutzaz dira gustatuko denak.
Jakiņ zazun amoriyua nola
senti detan biyotz xamurrean,
eskeņiko dizut juramentua
itsas eder urdiņ zabalean.
Bateltxoan joango gera urruti
baga kiskur urdiņak pasiaz,
altxatzen dan afar arro zuriya
agurtu ta atzian lajiaz.
Ur aundiyak etzaitu izutuko,
ez eta're aize indartsuak;
ikustean zure begi zabalak
biurtuko dira gozotsuak.
Erregintzat otsandetuko zaitu
ugumarrak kantu eztitsuan,
itsastarrak zerura goitituaz
zorionez pozezko ojuan.
Atozkit, ai!, atozkit batelera,
atoz, arren, atoz bereala;
illargiya dizdiatzen ari da
illun zeguen itsaso zabala.
Aize bigun onak bultzatzen ditu
bagatxoak nere batelera;
atoz laister, ume zoragarriya,
biyotz ill au konsolatutzera!
© Bitoriano Iraola