ANAIAREN HERIOTZA
Jabier Pikabea , 2002
Hil zaigu anaia.
Lo dago, geldirik;
ez dauka zirkinik.
Hala behar eta,
ixildu da errotaren hotsa.
Trabatu da errota,
errotaren bihotza.
Eta akabo xehe-negartiak;
akabo neke-min luzetsiak;
ez dauka giharrik,
eta alferrik
ale gehiagorik!
Eta bat-batean,
isiltasunak ditu bildu
bertako xehe-kirriak;
isiltasunak bildu,
errotaren intziriak;
lazturik, larriki,
inguru guztiak.
Hilik zaigu anaia;
baina ez heriotz.
Hilik zaigu, hilotz;
baina ez amaia.
Errota zaharrak
badu segidarik;
ez dauka heriotzak
gainditurik.
Bizirik da aleka-aleka
xehatutako lana.
Bizirik, arika-arika
on eginaren emana:
on egitean baitatza,
norberaren garaipena,
heriotzaren suntsipena.
Bizirik da anaia.
Bizirik liaren hatsa;
ez da heriotz
liaren bihotz;
ez da amaia.
© Jabier Pikabea