MILA ZORTZIEHUN TA HAMABORTZGARRENA
Martin Larralde, Bordaxuri , 1815
Mila zortziehun 'ta hamabortzgarrena
Ni Hazparnen preso hartu nindutena;
Plumagaineko premu orok dakitena,
Galeretan higatu beharko naizena.
Kantatzera niazu alegera gabe,
Ez baitut probetxurik trixtaturik ere;
Nehun deusik ebatsi, gizonik hil gabe,
Sekulakotz galerak enetako dire.
Ala zorigaitzeko premu izaitea!
Harek eman baiteraut betikotz kaltea;
Aitari galdeginik sortzeko partea,
Galeretan eman nau, hauxe duk dotea!
Ene aita da gizon kontsideratua,
Semea galeretan du segurtatua;
Nonahi otoitzean belaunikatua,
Saindu iduri debru madarikatua!
Ene lehenkusia, Kadet Bordaxuri,
Fagore bat banuke galdatzeko zuri;
Ongi adreza zaite ene arrebari,
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari.
Aita aitzinean 'ta arreba ondoko,
Osaba burjes hori diru fornitzeko;
Ez ordean enetzat bi sei liberako,
Galeretan bederen leher egiteko!
Elizan sartzen dire debozionerekin,
Iduriz badoazila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Debruak pesta onik einen du heiekin.
Zortzigarren bertsoa anaiarendako;
Kontseilu bat banikek hiri emaiteko;
Ontsa goberna hadi, ez zauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.
Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dudalarik begian nigarra;
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainaiz bakarra.
Kantu hauek eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.
Hok eman izan ditut ez xangrinatzeko;
Ahaidek, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantuok aditzean, semeaz oroitzeko.
© Martin Larralde, Bordaxuri