Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
INFINITUAREN ZATIAK
(1999)
TXEKOSLOVAKIA
(1999)
LARUNBAT ARRATSALDEA
(1999)
BILBO
(1999)
BIZIKLETA BAT EGINGO DUT ZURE IZENAREKIN
(2005)
BELDURRAREN KAFEA
(2005)
BASURDE BURU DISEKATUAK
(2005)
TIGREA GURE ETXERA ETORRI ZENEAN
(2018)
PORNOGRAFIA
(2018)
PENTSAMENDUAK NEGUKO LOREAK DIRA
Martin Etxeberria , 2005
Aspaldi,
elkarrekin ateratzen hasi ginen garai hartan,
kartulina beltzean margotutako
ipuin bat
oparitu nizun
zure urtebetetze egunean.
Ipuin bat eta belarritako batzuk.
Kolore zuriko hitz itsatsiek
eta zilarrezko paperez egindako balea batek
osatzen zuten nire ipuina.
Itsasoan galdu
eta herrialde urrun batean
printzesa bat topatzen zuen
marinel bati buruzko
ipuin inozo bat zen.
Baina gustatu egin zitzaizun.
Eta negar egin zenuen
era muxu bat eman zenidan.
Eta horregatik,
hurrengo egunean berriz idatzi nizun.
Eta zuk negar egin zenuen berriz
era muxu bat eman zenidan berriz.
Eta horrela,
nik idatzi era zuk negar egiten
bost urte pasa dira.
Atzo,
idazle alemaniar handi batek, Rilkek,
esaten zuen hartaz gogoratu nintzen:
berak jadanik ez zuela udaberririk behar
lurraz maiteminduta jarraitzeko.
Berdin maite zituela gereziondo loratuak
zein baso orbelduak.
Berdin aintzira izoztuak
zein erreka kantariak.
Eta bat-batean,
nik ere hori esan nahiko nukeela bururatu zait.
Ez daukazula jadanik,
hasieran bezala,
inongo udaberrirekin
ni harritzen egon beharrik.
Maite zaitudala isil eta bare ere.
Maite zaitudala negarrez era haserre ere.
Eta beharbada
horregatik ezkondu garela neguan,
hotza era euria egiten duen sasoi honetan.
Konturatu ez garelako.
Orain dela bost urte
elkar ezagutu genuenetik,
gure artean,
urtarorik ez dagoelako.
© Martin Etxeberria