TOXA
Michel Elizanburu , XIX. mendea
Bi persu ditut kantaturen,
Zuer plazer egiteko,
Ene sakelako toxaren
Zer guzia kondatzeko.
Aspaldi du hasi nintzela,
Ez dakit nola, pipatzen,
Toxa ho'i erosi nuela:
Ongi baitzaut baliatzen.
Lehenik batto izan nuen,
Pittika larruz egina;
Gero bigarrena izan zen
Larru satorño batena.
Bainan larru ahuinarena
Deusik ez da guretako!
Zer da ere satorrarena,
Egungo Jaunttoendako?
Beraz orai, toxa, perlekin
Zetaz dut, bai, zeta finez,
Garnidura eder batekin,
Betea tabako onez.
Nahi duena dabilala
Urre, zilar botoinekin...
Ni, gau eta egun nabila...
Ene toxañoarekin.
Muntra bat bere xenarekin
Eder zaiote orori;
Bainan toxa tabakoarekin
Baliosago zaut niri.
Arratsetan oherakoan,
Toxañoa bete-beterik,
Bai, burukitaren azpian
Pulliki ezartzen dut nik.
Ez badezaket egin lorik,
Toxa dut hartzen eskura,
Eta naiz, pipatoa pizturik,
Entseatzen lokartzera.
Behin, norbait kexaraztera
Baldin heldu bazaut niri,
Toxa idok... adio kolera!
Egiten dazkot bi irri.
Hitz batez zuer errateko,
Ez naite bizi, hau gabe!
Iduri du dela, betiko,
Ene zortearen jabe!
© Michel Elizanburu