A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

NERE LEIHOA
      (1923)

IKAZKIN LILURATUA
      (1923)

ELURTZA
      (1923)

  literaturaren zubitegia  

 

GALDEA ETA ERANTZUNA

        Tene Mujika , 1923

 

 

Txoritxo abeslari papar gorriduna

hor goiko zuhaiztian abesten dezuna

zure abes gozoaz zer esaten dezu?

Pozak edo saminak azaltzen dituzu?

 

Ez dakit nik zer duan zure abes horrek

beste bat hain gozorik inoiz entzun ez det

eta txorro-txioka ereski zolitan

txoraturik naukazu atsegin eztitan.

Gogoa urdurituta inoiz ez bezela

eta joran berriak nabaitzen ditula

baita bihotza maitez higitua sendo

arkitzeraino bere tokia txikitxo

ba zure abestia izanik biguna

da, biziro indarrez higitu nauena.

Esan, ene txoritxo papar gorriduna

zer da hor zuhaiztian abesten dezuna?

 

Gogo-atsegin aratz pozgarrien bila

etorriko naiz joranez huritik mendira.

Hara: mendiak tontor ta ortzea ikutzen...

Hara: landa ederrak margoa eskeintzen...

Itsaso zabalean ur azal oztina

oskarbi ederraren antzikur egina...

Ikuskizunak baina alferrikan nahi du

begietatik zehar gogoraino sartu

zure abes gozoak indar gehiago du

ta nere oharraren jabe egin zera zu

Esan, ene txoritxo papar gorriduna

zer da hor zuhaiztian abesten dezuna?

 

Ederra da mendiak duen olerkia

musu batez Goikoak lagun ezarria

eta nola zeran zu txoritxo maitia

mendi olerki horren zatitxo bizia

zure abestia da esnatu duana

nere gogoan zerbait... lehen lo zegoana

eta zeu bezela abesten ipini nauena.

Esan, ene txoritxo papar gorriduna

zer da hor zuhaiztian abesten dezuna?

 

Izan liteke zure bihotz txiki horrek

nabaitzea maitasun haundi bat, nola ez?

Ta nola maitasunak bere ondorea

hagitz izan ohi duan min ta nahigabea

izan liteke baita, txoritxo nerea

neretzat hain gozo dan zure abestia

daukazun samin horren itunez betea

ta bihozkada orok higitzen nauenez

behin ta berriro nazu zure horren galdez:

Esan, ene txoritxo papar gorriduna

zer da hor zuhaiztian abesten dezuna?

 

Ba, hain eder-ederra dan ludi zital hontan

oraindaino bezela diran bitartean

txori abeslariak zuhaizti isiletan

ta bihotz maitariak edozein tokitan

izango dira baita, ni orain bezela

txori abes bigun bat gozoro entzunda

geldituko diranak erdi txoratuta

ta nik zuri bezela berari galdetu:

Esan, ene txoritxo abes gozoduna

zer da zuk polit horrek abesten dezuna?

 

Baina baita ludian geran bitartean

Goikoa dakusgunak gauza guztietan

nik zurea bezela inoiz entzutean

txori abes gozo bat edozein tokitan

eta galdezka jarri zer abesten duan

galdeak erantzuna berea izango du

ba gure sinismenak hau emango digu:

Hara, hor goiko txori abes gozoduna

zintzo goraltzen ai da bere egile ona.

 

© Tene Mujika    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko