Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
INURRI GOSEA
Leire Bilbao , 2006
Eman dezagun arrastia jausi zaiola sorbaldara
eta oraindik ez dizkiotela egunonak eman,
balkoira hurreratzen dela
eskudelak eusten dion bitartean.
Eman dezagun jendea dagoela behean,
inurri zelai bat, eta berak ere
inurri begiekin begiratzen diela
geldi, hodei beltzak ez bezala.
Eman dezagun ez dela domeka,
ez duela euria ari edo ari duela,
behera begiratzen duela berriz
eskudelari gero eta lotuago.
Eman dezagun hasperen egiten duela
begiak igurtzarazten dizkiola
eguneko lehen asperdurak,
kalean doan inurritzari begira
bat-batean ohartu dela
gose dauzkala sabeleko inurriak.
Eman dezagun gaur ez duela irentsi
bere burua irensteko desioak.
© Leire Bilbao