AZAZKALAK
Leire Bilbao , 2006
Azazkalak azazkalekin garbitzen eta
odola listuarekin xukatzen dituen bezala
baleki berez sendatzen,
ez luke bilatuko moztutako pinuaren isiltasunik
ez eta asfaltoko belarraren bakardaderik.
Eta ez lioke txakur emeen odol arrastoari segituko
espaloian bere buruarekin estropezu egingo balu.
Hatzei so egingo lieke, zerura beharrean.
Azazkalak azazkalekin garbitzen eta
odola listuarekin xukatzen dituen bezala
baleki berez sendatzen,
noizbehinka aurkitzen dena bezala poztuko litzateke
bere buruari errezatu beharrik gabe
ematen duen arrastiri bakoitzeko.
Eta begiak jasoko lituzke lurretik
bost zentimoko moneta bat bezala,
topatu zintuen egunean legez
poz borobil bat atzamarretan haztakatuz.
© Leire Bilbao