Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
LIMOSNATXO BAT
(1893)
TXEPETXA
(1894)
AMERIKAKO PANPETAN
(1900)
ZAZPIAK BAT
(1900)
BERRI ON BAT
(1903)
URTEBERRI
(1903)
MARTINSALTUA
Pedro Mari Otaņo , 1901
Galdetzen didazu «Langosta zer dan»
eta nik aditzera nahi dizut eman
jakin dezazun
pixti edo zomorro horien izaera,
baina ez dakit ongi zure galdera
nola erantzun.
Asian eta Afrikan indar daukala
eta Europan ere agertzen dala
diote, baina
ez deritzat eguzkiaren azpian
izan litekeanik mundu guztian
hemen dan adina.
Manaren ondoren pizti kaltarrak
euki zituan Moises eta israeltarrak
ikaratuak,
Ejipto eltxoz bete zan, Sodoma malkoz,
baina hemen gehiago dirade askoz
Martinsaltuak.
Simunak daramatzien Saharako
hondar alea, eta Dilubioko
euri tantuak,
horiek guztiak ziran ezin konta ahala.
Nik uste det oraindik gehigo dirala
Martinsaltuak.
Mingainez eztitsuak, baina bihotzez
lagun urkoa gaizki jartzeko pozez
gaur zenbat dago!
Ezin konta litezke jende gaiztuak,
baina oraindik dira martinsaltuak
askoz gehiago.
Elur jasa ugari, zabal, luzeak
zuk badakizu nola iper haizeak
zeharkatuak
hegatzen diraden piztien gisan:
berbera dirudite hemen dabiltzan
martinsaltuak.
Elurra jatxitzen dan gisa berean
arbiska horiek ezartzen dira lurrean
hain gosetuak
non bukatzen dituzten hosto eta izpiak
eta gero elkar jaten dute piztiak,
martinsaltuak.
Atilaren gudari, hunotzar pila
bezela datoz horiek zerbaiten bila
amorratuak
eta ezin sinistu leike ikusi gabe
nola egiten diraden jaun eta jabe
martinsaltuak.
Nonahi biltzen ditugu zomorro pilak
eta milioika gelditzen dirade hilak,
lurperatuak,
baina zertarako da gure ahalegina?
Esan leike lehen baino gehiago dirala
martinsaltuak.
Zaharrak etortzen dira Chacotik honuntz
eta jartzen dituzte hainbeste arraultz
kabiratuak,
zeinak laster zomorro sortzen diraden:
hala ugaritzen dira, lehenak hil arren,
martinsaltuak.
Arrastaka lehenbizi, gero saltari,
saiatzen dira jaten hemengo gari,
liho eta artuak,
eta hegoak luzatzean arin Chakora,
ihesi joaten dira zaharren txokora
martinsaltuak.
Chakon hortzak zorrozten negua igaro
eta, indio erauntsi bat bezela gero
elkar hartuak
udaberrian datoz lurra betean,
baina ez dira etortzen denen kaltean
martinsaltuak.
Gauza ugariagorik ez dala izan ohi?
Bai, gehiago dira oraindik gure arrazoi
oinperatuak!
Esan det konta ezinak dirala, baina
ez dirade esk-aldunen araüak adina
martinsaltuak.
© Pedro Mari Otaņo