EIZENHOWER ETA NI
Charles Uhalde , 1953
Eizenhower eta ni, zer gizon paria!
primetan baginuke guk lehen saria
Ameriketan dute hau denen buria
ni ere ez nornahi, gauza ageria:
podore guti bainan badut omoria.
Bertsuz emanen ditut zer harat-hunatak
ditugunak beraz nik eta Presidentak:
denen gobernatzeko biziki akortak,
harek manatzen ditu Washington-New Yorkak,
eta nik Nevadako mendi 'ta errekak.
Jeneral Eizenhower gizon famatia
izarrez estalia du bere kepia.
Izarren usaia dut nik ere hartia
gaua frangoz, nun ez den ilargi betia
begi bat zabalik dut aski lo e'itia.
Erresuma handi hau xuxen moldatzeko
harek behar buru bat eta nik bi zango
otoan dabil hura, ni arri-mandoko
moda xahar hau ez dut beti segituko
modernizatuko naiz haren adineko.
Zer familia duen ez dakot galdegin
ez gira interesatzen suiet horiekin.
Alabatxo bat balu apepres ner' adin
pena litake hura uztia mutxurdin
enetzat andrexka bat egin liro berdin.
Politikari buruz ez dut azkar bixta
denen konprenitzea enetzat anitx da
iduri du naizela erdi komunixta:
aitzinerat ukana, on bada, profita.
Eizenhower berdin da, etzaitela trixta.
Hau aberats bizi da mutilen artean
eta ni bertzen mutil ahal den moldean.
Zer ontasunak ditugun guk iguzkipean!
Nik ez badut gehiago gaineko aldean
Jauna urrikal zaizkit eternitatean.
Laster hiltzen bazauku gure Presidenta
jendek nindezakete ordaintzat presenta.
Nola dutan kargua ja aski baitzauta
Frantziarat ihes jinen ez nezaten hauta
izen faltsu batekin deus ez dadin gerta.
Nahaskeria frango dabila mundiak
armaden gerizarat guziak bildiak.
Guk baditugu tropak, zer tropa haundiak!
Presidentak soldadoz eta nik ardiak!
Trankil egiten du lo hemengo jendiak.
Hor ditugu zaintzale armada osoak
menean dituztenak leihor-itsasoak
menean bai mendiak en' ardi multxoak
zer lanjerrak dituzten hek ere gaixoak!
Bakarrak jaten daizkit gauaz jaun otsoak.
Sekretu bat enekin ez delakotz dudan
atomik entseguak baitugu Nevadan
Rusia eta Xina badira 're kaldan
pinterdia edaten jin laizke segidan
heien osagarrira dugun beraz edan.
Eizenhowerek beti bakea gogoan
bainan zaintzen aski lan du orainokoan.
Hortako ezarria da bere gradoan
denen erresponsable gerla has ondoan
trankilago bizi naiz ni neure xokoan.
Hartze du errespetu eta ohoria
denetaz maitarazten du bere buria
baina maiteago nik halere neuria
zeren hau galtzen badut segur naiz jarria
harek ez deraitala emanen beria.
© Charles Uhalde