EKAITZA
Joxe Mari Lopetegi , 1936
Uztailaren hemeretzia
egun beltz ta pozoitsua
ezagutzen zan bazatorrela
ekaitzakin erasua;
berehalaxe nabarmendu zan
tximista gaixtoan sua
odol gorrituz gainbehera hazi zan
ujoldero Bidasua
hamaika amaren seme galdu da,
ai, seme gizagaixua!
Atzera eginda galdua zagon
gure herri dohatsua
beragatikan burua gora
eman genduen pausua;
hegazkitzarrak bonba goitikan
nonahitik kainonazua
ekaitzak kazkabarra bezala
bazatorren balazua
hamaika amak gaur esaten du:
ai, seme gizagaixua!
Ez izan arren guk Espainian
bizitza hain erosua
askatasuna maite degunak
gerez izan odoltsua;
aberatsaren merioz dator
hemengo nahaste osua
oinpean beti iruki nahiak
langile edo behartsua
hamaika amak negarrez dio:
ai, seme gizagaixua!
Gurdi burnizko gudako eginak
diaurrun itxuratsua
aurreratzen zan nola sartzen dan
ardi tartean otsua
pinpi ta panpa garbitzen zuan
gure inguru osua
zerekin gogor eginik guk ez
nahiz izan bihotz jasua
hamaika amari gogotzen zaio:
ai, seme gizagaixua!
Iretsi nahirik nola enarak
iretsitzen dun eltxua
berrogeita bost egun honela
hura bizitza pisua!
Irungo herri zoragarria
leial eta mamitsua
behartsuaren laguntzalea
zuzena eta zintzua
hamaika amari ahaztuko ez zaio:
ai, seme gizagaixua!
Falangistakin reketetarrak,
zer gizarte indartsua
beren laguntza zeukatelako
militar gaizto faltsua!
Alkarrengana bildu dirade
bekaizkor ta xitaltsua
aurrera goazen alkarturikan
anai prestu bulartsua,
Ama Euskadik lagunduko du:
aurrera seme gaixua!
© Joxe Mari Lopetegi