Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
KARLISTEN PANPARROIKERIAZ
(1874)
ARRATS IZUGARRIA!
(1880)
VIVA ESPAŅA
(1898)
LOIOLAN
(XIX. mendea)
LUTXI
Serafin Baroja , 1875
Adi nazazu, Lutxi,
Baina ez haserratu:
Lau gora-behera, zenbat
Nobio dituzu?
Gutxienaz berrogei,
Ez zazula ukatu,
Begi polit hoiekin
Zein ez zuk babatu?
Josteko lagun bati
Besoa emanez,
Alferez bat ondotik
Biak eramanez,
Merkatuko plazatik
Zihoazten farrez:
Ez zebiltzan haserre
Han ikusten zanez.
Ez zinan ez iritsi
Bakarrik etxera:
Batek lagundu dizu
Etxeko kalera,
Beste batekin gero
Joan zera atera,
Eta ez dezu inor gabe
Igo eskailera.
Artsaldean ikusi
Zaitut Zurriolan.
Inoiz ez det hain klaro
Ezagutu, nola han,
Zenbat enamoratu
Dituzun kaiolan.
Ez nituen kontatu,
Kontatu! Nahiko lan!
Igandean etxetik
Zinanean irten,
Mutil bixar gorri bat
Zeramazun kirten.
Entzun zenuen gero
Meza San Bizenten,
Eta bik, baten partez,
Segitu zizuten.
Bazkalaurreko meza
Bukatu zanean
Ur bedinkatu ondotik
Pasa zinanean,
Zure esku polita
Busti beharrean,
Norbaitek dizu epeldu
Han jende tartean.
Enpleatu batekin
Leihotik leihora,
Hari bat ibiliaz
Behera eta gora,
Paper buxtan bat dezu
Eraman kolkora,
Bidalduaz haritik
Beste bat auzora.
Arratsean... —Aski da!—
Esan zidan eze
Lutxik begiratuaz
Nahi ta nahi ez triste:
"Askoren nahitasunak
Ez nau inoiz bete,
Nik maite det bat, eta
Berak ez nau maite"
© Serafin Baroja