Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
KARLISTEN PANPARROIKERIAZ
(1874)
LUTXI
(1875)
VIVA ESPAŅA
(1898)
LOIOLAN
(XIX. mendea)
ARRATS IZUGARRIA!
Serafin Baroja , 1880
Gorriak daude goiak urrutiraino
ageri dan guzia gorria dago
ta lurrak baino
izutzen du zeruak azkoz gehiago.
Argitan zabaltzen da zeru goibela
ilargi gabe
zer dohakabe!
hodoiak su garretan balitz bezela
ta infernuak balira gauaren jabe.
Arrats izugarria! Ordu tristeak!
Nora begiak jaso, penen kupidan
malkoz beteak,
zeruak ere bada etsai baziran?
Huri leial gaixoa garretan dana
ta zeru gorrak,
hagitz gogorrak,
irabiatzen ditu berriz gugana
elementen boladan suzko kanborrak.
Itsasotik sortuko lanbro dokaitzak
burrunbadan igoak turmoi tartean
ziran ekaitzak
eta zartatu orduko, tximist kolpean
hodoi gaineko labe sutu hartatik
jasa ta ujola,
eurizko errola,
amiltzen zan lurrera, iduriturik
isurtzen ote ziran sua ta odola.
Sua ta odol gorria! Naga ta ikara,
sutunpadak, antsiak, hilkintza nonahi.
Tximist dardara,
biziak ta bizitzak, garren errakai
ta ixil-ixil zihoan odol erreka
karrikan behera
itsas aldera,
iturria gehiturik hilak taldeka
ez bazetorren sua eragoztera.
Zeru-lurrak haserre... Ustez anaiak
atzerritik ziranak gugana etorri
ziran etsaiak.
Nora bada begiak jaso ta egorri?
Ez lur, ez etxe, ez esku, bihotz tristea
noraganatu
non anparatu.
Burniz edo berunez laster hiltzea,
noralderik onena zan aukeratu!
Gizon hordi taldeak askai likitsan
etxerik etxe dabiltz lehian inoren
diru irritsan,
onraren zale, burniz pasatu ondoren
arpegi eman duen aita, semea
edo gizona
hiltzen dagona,
sentiturik batean agoni epea
ta antsi triste larri bat deitzen diona.
Zaharrak, nahiz egon zaharrez hobiko atean
ez ziran barkatuak, hain gutxi eriak,
beren ohean
hilak ziraden ume jaio berriak,
gorde nahirik, gaixoak, amen kolkoan
bien bihotzak
burni zorrotzak
urratzen ditu, ta amak hiltzerakoan
igaro behar ditu laidozko lotsak.
Lotsa ta hilkintza...! Baina nora naiz heldu?
Ez, herritar maiteak, ez det nahi zuen
beta goibeldu.
Gure asaben gaua gurtu nahi nuen,
jarriaz begi aurrean haien kondaira,
birtute haienak
danik onenak,
zer diran bizia utzi ta argi joaira
beti ikusi zazkigun beren izenak.
Asaba zar gureak joanak mundutik
Numanzitar errutsu haien modura
bizia emanik,
igo zinaten zuzen zeru altura!
Jaunak bere saria dizute ematen
ordu ezkero
bai, errauts bero,
martireak bezela igo zinaten
sugar Donostikotik pasa ta gero!
© Serafin Baroja