A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

METRAILETEN MUGAK
      (2008)

36 GRADU
      (2008)

NESKAK
      (2008)

ESANAK
      (2008)

PFAND
      (2008)

EZTA HAZIA EREITEKO ERE
      (2012)

BETAURREKO BERRIAK
      (2012)

HAU EZ DA ALIANTZA TAKTIKOA
      (2012)

GAURKO AFARIA
      (2012)

HOGEITA BAT PROLETARIO
      (2012)

 

ATZERRIAREN HEDADURA

        Hedoi Etxarte , 2012

 

 

Jon Errekalderentzat hedadura zabalegia zuen atzerriak.

Horregatik jaitsi zen trenetik Irunen Hendaian ordez.

Eta tokiko prentsa arrotzez eta beste oximoron batzuez

mikaztuta edan zuen kafea Pasaiako garabiei begira.

«Eta ni zure doako prostituta» jaulki zuen orduan.

Buruan zuen esaldi hura ez zen berea. «Esaldiak

ez dira gureak» esaten zion sarritan Nekane Muruak.

 

Behinola Nekane Muruari oharpen bat egin zion

Jon Errekaldek: «Euskal Herrian, Errusian legez,

burgesek ez dute haien betekizun historikoa burutu,

eta Leninek etsenplutu zuenez

negar egingo dugu Beethovenen piano sonatekin

kantinako gramofonoak ildoa zeharkatzean».

Nekane Muruak ahuspez errepikatu zuen:

«Burgesek ez dute haien betekizun historikoa burutu

eta guk geuk egin beharko dugu haiek obratu gabekoa».

 

«Poesia non eta noiz erabili jakin behar da»

esan ohi zuen Nekane Muruak. Harako egun hartan

ez zion halakorik esan behar izan Jon Errekalderi.

Oso egokia zen Beethoven. Oso egokia zen kantina.

Oso egokia zen gramofonoaren ildoa.

 

Baina atzerriak hedadura zabalegia zuen Jon

Errekalderentzat. Sutondoa uhinetan aurkitzen zuen.

Goiz hartan Euskadi Irratiko prentsa irakurketa

gurutzatuan Vocento taldeko euskal egunkarietan

bost zutabera albiste bera zetorren. Alegia,

hiru probintziano, kafetegi ia guztietan eskuragarri.

Eta beste oximoron batzuk ere bai.

 

Jon Errekalderi ez zitzaion

ez goizegi ez beranduegi iruditu.

Hura ez zen lekua ez eta momentua ere.

Pentsa! Besteok ere Santo Domingo azokan

behar genuen ordurako, itsu bati puntuz

eginiko xala nola oparitzen zioten ikusten.

 

© Hedoi Etxarte    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko