A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

HAIZE HEGOAREN AROAK

        Luis Garde , 2007

 

 

Birraitatxi gerrillari joan zenean semeari erran zion:

Erlijioa eta Foruak arriskuan daude.

Egunen batean, gizontzen zarelarik,

ulertuko duzu.

Haize hegoak begiak gorriztatzen zizkion.

Sei urteren buruan aitatxik egunero

plater bat janari kartzelarat eramaten zion.

Bere aitak ziegako leihatilatik begiratzen zuen

nolaz urriaren usoak urrezko iratzeetaraino jaisten ziren.

Oihuka eskatzen zien zizpa presozainei.

 

Aitatxik birraitatxiren pistola herdoiltsuak

ganbarako kutxatik hartuta

gerrarat abiatzean semeari:

Lege zaharrak defendatu behar ditugu.

Bizimodua, ogibidea, etxea.

Heltzen zarenean ulertuko duzu

haize hegoak ezpainak erreta.

Errege ezezagun baten alde

hiru urtez borrokatu eta gero

etxaldea sutan aurkitu zuen.

Ezkilen hotsarekin batera

ke urdina zeru hutserantz igotzen zen

galdera-ikur mugagabea bailitzan.

Etsaien armadan erroldaturik

teniente gradua onartu zioten.

 

Aitak aitatxiren fusilak sorbaldatik zintzilik

fronterat abiatu zen.

Zalditik erran zidan:

Elizak erretzen ari dira.

Saia zaitez gizon izaten.

Egunen batean ulertuko duzu.

Zeruan hegazti saldoak nora ezean

haize hegoak herratuak.

 

Haize hegoaren olatuek oroimena jotzen dute;

aroak badabiltza, defenda ezazu aberria.

Horrela badakit iragana aurreikusten.

Horrela etorkizuna errepikatzen dut.

 

Zirkuluka biratzen da haize sukarduna.

Zaldi urdinen irrintzia gelditu ez zeneko gaua oroitzen dut.

 

© Luis Garde    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko