Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ITSUA ETA SASTREA
(1892)
ESKUALDUN SOLDADOAK
(XIX. mendea)
MICHELENGO ZUBIA
(XIX. mendea)
ABENDUAN ORZANTZAK
(1901)
ARTZAINTSA MENDIAN
Piarres Ibarrart , XIX. mendea
Zelaietarik ikusten duzu gure etxea mendian
eta gorago etxola hura arroka baten aldian
mendi kaskoan, andre gazte bat artaldearen erdian
ni nago hemen ardien zaintzen nere kilua gerrian
egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanian.
Goizetan utziz egun guziko aitamen begitartea
argi hastean idekitzen dut etxola haren atea
alarazteko mendi gainean ene artalde maitea
han iraganik, bake gozoan, argitik ilun artea
bozik daramat etxerakoan kaikua esnez betea.
Herriko ene gazte lagunak nitaz dira urrikaltzen
heien josteta zoroetalat ez naizelakotz hurbiltzen...
bainan gaixoek erran bezate zer zorion dutan galtzen!
Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen
eta menditik ez ote dut nik gauza ederrik ikusten?
Argi-hastean histu orduko artizarraren argia
nik ikusten dut iguzkiaren agertze miragarria
bainan oraino ilun dagozi zelaiak eta herria
ohean dago ezin atzarriz hiritar gazte nagia
nola ezagut dezake handik hemengo neure loria?
Eliza dorre goren hura dut oroz gainetik ikusten
eta ezkilak errepikatuz herria du inarrosten
bi aldetako mendi auzoek oihartzunka ihardesten
haur denboratik huna baititut toki berean aditzen
zorion hunen iraupena dut Jainko Jaunari galdatzen.
Ordu berean hedatzen ditut itsasalderat begiak
eta ikusten arraintzariek dituzten untzi ttipiak
iduri dute pentze gainetan dabiltzan altxaliliak
halaber dira ur axalean hekien bela xuriak...
othoitzez nago suntsi ez ditzan itsaso lotsagarriak!
Ez badut ere aditzen ahal hiriko kantu ederrik
entzuten ditut bas-ihiziak alderdi guzietarik:
kukuak kuku pago gainetik, eperrak kantu beretik
xori ttipiek arboletarik, xoxoek sasi barnetik
heien titxoak etortzen zaizkit bihotzera bihotzetik.
Haitz eder baten azpira noa otruntzaren egiteko
uda liliez beztitua den soropila dut jartzeko
ardi bildotsak eta Xuriko aldean ditut lekuko
ama maiteak emanik badut behar dutana jateko
erasiaka dohan xirripan ur garbia edateko.
Arratsaldean begira nago xoratua kanpoeri
nola egin den denbora gutiz zeru berri bat iduri:
pentze, mahasti, baratze, herri, etxalde eta jauregi
zenbait lapurtar nun izan diren hor dira obrak ageri
heia dutenetz amerikatik urrea nasai ekarri!
Bertsu haukien aditzaleak nahi luke orai jakin
artzaintsa hori bere mendian egon behar den mutxurdin.
Bai egonen naiz, ez ezkontzekotz hitzeman dautanarekin
bainan maitea Amerikatik jinen baita zerbaitekin
bi menditarrek nahiago dugu hitzari ohore egin!
© Piarres Ibarrart