ADIXKIDE IXILA
Peio Jorajuria , 2008
Adiskide baten ezagutza egin dut
aspaldian nere ondoan bizi dena
betidanik funtsean
bainan oraino ezagutzen ez nuena
hain da ixila
eta ez du aurpegirik
edo mila aurpegi ditu
eguneroko adiskide zintzo
nere urratsetan gidari
ilunean argi
xendra itsuetan makil
bide galduetan harri xuri
beti hor beharretan nagolarik
nere zai beharretan ez nagolarik ere
(balin bada horrelako memento arradorik)
zorion garaietan ixilik
poza bihotzean
amodiozko jantzitan
zoritxarretan leial
zurkatxa iduri
zama pisuenak jasaiteko nerekin uztartzen
naiten baikor
naiten ezkor
sinesgogor
mokor
okerkerietan murgilkor
beti daukat hor
gaindikor...
Euskara hutsezko funtsezko izenik
ez diot ezagutzen
da
Horeb mendian agertu zen
"Izango naizena naiz"-en iduria
lagun hori dut
Probidentzia.
© Peio Jorajuria