Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ESKUALDUN HILERRIAK
(1902)
BIZIAK HILARI ETA HILAK BIZIARI
(1916)
BIBA, BIBA FRANTZIA
(1919)
GURE HERRIA... GURE!
(1924)
HARPEKO GIZONARI
(1929)
TRAIDOREA
Jean Barbier , 1910
Itsasoaren erdi-erdian
uhain kexuen artean
leihor bat bada dena harria
osoki izigarria.
Lur izigarri hortan loreak
beti daude sortzekoak
horko harria oraino ez du
belar berdeak apaindu.
Argizaria eta izarrak
gauaz han dire gordeak
lano busti bat beti zerutzat
ilun beltzena argitzat.
Arraintzalea urrunetikan
iragaiten delarikan
beti emaiten da ikaretan
zeinatzen dela kopetan.
Itsasoa da ari jauzteka
inguruka, intzireka
zerura buruz altxatzen dela
mendi zuri bat bezala.
Leihor hartara ur-hegaztina
sekulan ez da izana
harroka beltza, bere hegalez
noiz joko duen beldurrez.
Ur-hegaztina, otoi errazu
hola ihesi zer duzu?
Ez dut ikusten arranorikan
hegaldaka ondotikan.
Miru, arrano gaixtoak baino
lazgarriago oraino
ikusten dut hor izitzailea
Frantziaren saltzailea!
Zeru guzia goibel denean
leihorraren bazterrean
gizon bat han da, beti xutikan
nigarrez diolarikan:
"Saldu izan dut nere Frantzia
zatozkit heriotzea!
Zeru-lurrez niz mehatxatua
orok madarikatua!"
Boz bat entzun dut izigarria
haize batek ekarria:
"Ez duk izanen heriotzea:
saldu izan duk Frantzia!"
© Jean Barbier