Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
ESKUALDUN HILERRIAK
(1902)
TRAIDOREA
(1910)
BIZIAK HILARI ETA HILAK BIZIARI
(1916)
BIBA, BIBA FRANTZIA
(1919)
HARPEKO GIZONARI
(1929)
GURE HERRIA... GURE!
Jean Barbier , 1924
Alor handian aita belarren metatzen
arratsalde erditan, deskantsuz ari zen.
Berro xokotik haurrek zioten behatzen...
eta bere lanean aita zen xoratzen.
Ixtantean haurņo hek dira etxerako
orga belar gainean dira hupatuko
beren buru maiteak dituzte kurtuko
heian, karrankaz, orga delarik sartuko.
Anartean beraz, han, bere alorrean
burdin-sardi xorrotxa tinki ahurrean
harat-hunat badabil iguzki beroan
iguzki beroari behatu gabean.
Hatsantua, hor noisbeit, behar du gelditu
bere esku zainartak kurutzatu ditu
sardi-gider gainean pixka bat da kurtu
gozoki, bazterreri diote behatu:
Hara han nonbeit, urrun, mendi ederrenak
hazie hegoak hurbil zartzen dituenak
hara, aldiz, beltz-beltza, herriko oihanak
hariztegiak eta pagodi ilunak.
Hurbilago huna hor ohiko ibarra
ur hegia salatuz doan zur-xuria
horra, xuri-xuria, eliz hilerria
jainkoaren gerizan lerroka zarria.
Beraren erresuma huna non den hasten
huna bere artoak non diren luzatzen
huna ogi-garia non den urreztatzen
haizeak farra-farra duela harrotzen.
Aitaxok lehenago landatu aihena
aztaparka badoa iguzkira dena...
Ai, zer etxe-arnoa emaiten duena
hil bat, bere hobian, berpz lezakena!
Bainan, hortxet, bet-betan, landa bazterrean
nor da hola agertzen, hor, lurre lurrean
nongo atrebitua, gure alorrean
orori beha dago, begi ozarrean?
Behatze hortaz gauzak oro gaitzituak
iduri du direla betan mudatuak...
Lehengo eskualdunak, hemen higatuak
lur mokro bakotxetik hor tut altxatuak!
Gure aita heldu zen, begia ilunik...
"Zer behar duzu jauna, hemen gureganik?
Zer nahi duzu hiola, hiritikan jinik?
Ez dakit... bainan jada higuintzen zaitut nik..."
"Zer dirutan daukuzu etxea salduren?
nahi duzun guzia dautzut ordainduren.
jauregi bat ederra dugu altxaturen
Eta, kolpe berean, zu aberasturen..."
Ikare daldaretan aita emana zen
begiak zitzaizkola biraka jalitzen...
Bere burdin-sardia bi eskuz du hartzen...
Doi-doiak egiten du ez baitio sartzen!
"Zalu joanen zaizkit, zuhurra bazare
bertzenaz, erroz gora, gizon hil bat zare!
Zure diru zikina atxikazu zure
baina utziren duzu gure herria... gure!
Zuri-zuria, huna gure hiritarra
haia-haia doala landari behera...
Haren ondotik, aldiz, han harat, mugara
sainga ta sainga zoan etxeko xakurra.
Gure etxeen orde, jauregiak egin...
eta guk gure haurrak haziko... zerekin?
Herria utzi behar herriko lurrekin
han hirian biltzeko... gosetearekin!
Sainga zak hor, bai, sainga, etxeko xakurra!
Jende hoik erematzak herriko mugara!
Gure etsaiak dituk, segitzak han hara!
Gure haurrek behar ditek gure herriko lurra!
© Jean Barbier