GURE IRRINTZINA
Jean Elizalde , 1914
Huna hamar bat pertsu gazte laguneri
orai delakotz ongi nor zer den ageri
ohore gerlan zaizten lagun guzieri.
Oi, zoin ederki zaizten gerla huntan ari!
Hedatuko da sarri zuen omen ona:
soldado hoberena dela Eskualduna.
Orai arte bezala hemendik aintzina
egizue leialki beti zuen lana.
Eskualdunak nor diren aise sinesteko
asko gauza badire buruan hartzeko:
horiek huna hemen denen argitzeko
astia uzten badaut... kanoiak... hortako.
Gazterik Eskualduna pilotan da ari
zer zartakoak plazan pilotatto hari!
Zoin zainarta ditaken hortan da ageri.
Orai plekari bezen... geroxe gerlari!
Zango seko hek nola dabilzkan airean!
Ez duke min handirik segur sabelean.
Lasterka ikasirik plazanen gainean
ez du uko eginen guduka dorpean.
Soldado doalarik Frantzia barnerat
halako bat badu hor, jautsia golkorat.
Nola egin sekulan nausien gogorat?
Aste baten buruan zoaz ikusterat...
Kasik ikasia du ja ofizioa.
Ja atxeman du ere nausien gogoa.
Zenbat baitzen hastean iduriz zozoa
gaizoa orai hor da soldado osoa.
Soldadoetan nor da tirari lehena?
Malobretako nork du zango hoberena?
Zangotarik bururat nor da garbiena?
Erran behar ote dut, nor den? Eskualduna...
Gerlan hor hasi dire Aleman zoroak
nahiz eta bentzutu frantsesen lerroak.
Bainan xuxen doazi eskualdun tiroak.
Laster ixildu dire etsaien orroak!
Eskualdunak, goazin, goazin aintzina
herritik urruntzeko Aleman zikina.
Ondoko egunetan guretuz Berlina
gora eginen dugula gure irrintzina!
© Jean Elizalde