EZKIL ZEINU-EGILEA
Etienne Salaberry , 1954
Gau eta egun labe ahoari hurbil
arotza lan eta lan egoiten da isil
izerdi xurrupitan nahiz egin ezkil...
Eder bat jalgi gabe ez dadila otoi hil.
Nunbeitik aditurik arotzak badaki
ezkilak eman dezan oihua poliki
behar zaiola segur zerbait hotz aurtiki.
Zorigaitzez, izena gordea izanki!
Ur xirrixt mehe bada Ahunzki mendian
lasterrik dabilana arroken erdian:
iguzkia laguntzat ari da jostetan.
Ezkila harekin du busti alferretan.
Neguan dago xuri Baiguran elurra
zerutik zilar jausi, emaiten ezkurra.
Arotzak izpi biltzen, hunki gabe lurra.
Baina ezkilak dauka bere botz makurra.
Itzali zaiolarik bere emaztea
nigarretan sartu zen, hain zuen maitea!
Xortek ezkila hunki, oi ustegabea...
Bet-betan miresgarri arrabots sortzea!
Nigarrak ez duena, ezkila iduri
nasai garbitu, luzaz baitzaio erori
zail, idor egonen da auzo beharreri...
Dohakabe nahiz den farraz irriz ari.
© Etienne Salaberry