Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
EZ AZKARRA BAI SAIATUA, 1
(2008)
POSTALA
(2008)
ZAINDARIAK
(2008)
LITERATUR BALIABIDEAK
(2008)
LOTSA VASCONIAN
(2008)
BANINTZ
Ibai Iztueta , 2008
Jakina, gehiago da ez naizena.
Izan, banaiz zerbait, egia: gaur,
hemen, hogeita zortzi urteko gizon gaztea,
hitz bila.
Baina, jakina,
gehiago da ez naizena.
Izan nintekeen udaberri goiz baten sosegua
eta lagunak erreka ertzean otordua egiten.
Izan nintekeen oihu larria
hondakinen azpitik laguntza eske.
Lora nintekeen zuri, Kyotoko
gereziondo batean.
Baina, ez.
Itxura denez, lurralde promestutik osturiko
belar izpia, naizen hau:
eder eta handi den zerbaiten
oroigarri txiki, ezdeusa.
Galde nezake:
besterik banintz, zer?
Ordea, denboraren igarotzearekin,
geure burua ongiegi ezagutu dugularik,
hura samur estimatzen eta zaintzen ikasi dugu.
Garenaren neurri abegitsura
eginak gaude.
Eta ez denaren ilunpera
lerratuta desegiten zaizkigu banintz
eta gisako galderak.
© Ibai Iztueta