DEUS
Gratien Adema, Zaldubi , 1871
Asko gizon orok uste dute munduan
Ez dela sekulan deusekin zerbait egin,
Hetaz trufatzeko nik eman dut buruan,
Zenbait bertsu pullit egitea deusekin.
Deus errexagorik! Zenbat gaizo lurrean,
Atzo deusen jabe, egun diruz beteak!
Ezdeus hek urteak bildu dituztenean,
Aise nik deusekin eginen tut bertsuak.
Ez dut galduko deus egiten ez baditut,
Deus gabe nintzena, deus gabe naiz egonen,
Aditu beharko: Deus ez haiz, gaizo petut!
Bainan hitz ergelek ez dautet deus egiten.
Egiten baditut, zer zoria neretzat!
Deusik ez zait lana, pena guziak deusik,
Aipatuko naute gizon abil batentzat!
Ote da munduan deus arraroagorik?
Zer dakit oraino? Deusekin beharbada,
Untza ta makila ditut irabaziko...
Nahiak nau naski mintzarazten horrela,
Bainan zinez ez da deuseri fidatzeko.
Ixiltzen naiz. Ez zait deus heldu gehiago,
Deus handirik erran gabe dut akabatzen.
Bainan nere kantak ez badu deus balio,
Nehori bederen ez du minik egiten.
Zoroa! Zer diot...? Bertsu hauk deus balio!
Gauza segura da deusez egiten tudala,
Bada, nik ez nuen deus nahi gehiago:
Urus, nahietan deus eskas ez duena.
© Gratien Adema, Zaldubi