Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HARRESIAK
(2012)
BESTE GOSARI ETA BESTE GOSEAK
(2012)
ERRAUTSAK
(2012)
TEOLOGIA
(2012)
EUSKAL HERRIA (GINSBERG ERARA)
(2012)
ESPERIMENTU PRESENTZIALA ESKAILERETAN
Iņigo Astiz , 2012
Ez dakit nor den, baina norbaitek
denbora bat kalkulatu dit hemen.
Eskaileretako argiari sakatu eta
bertan gelditu naiz ikustera
noiz suposatzen nauten kanpoan,
noiz behar nukeen beste inon, agian
beste inorekin, edo behintzat ez hemen:
bakarrik, geldi, isilik. Ezertan ez.
Bataz besteko presentzia bat dut
munduaren leku zehatz honetan,
eta nire ausazko existentziaren
denbora agortzea erabaki dut gaur,
beste inori eszedenterik utzi gabe.
Norentzat dira nire segundoak
ni ez nagoenean? Ordezkatzen al naute?
Bigarrenez sakatu diot argiari, geldi,
ezin asmatuz zer beste unerengatik
sakrifikatu behar nukeen une hau,
zer beste lekutan pentsatu nauten,
eta zer beste bizitza amestu didaten.
© Iņigo Astiz