A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

XURIKO
      (1867)

DEUS
      (1871)

BIBA REPUBLIKA!
      (1876)

  literaturaren zubitegia  

 

GAUDEN ESKUALDUN

        Gratien Adema, Zaldubi , 1893

 

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Agur eta ohore Eskual Herriari,

Laphurdi, Basa-Nabar, Zibero gainari,

Bizkai, Nabar, Gipuzko eta Alabari,

Zazpiak bat besarka lot beitez elgarri.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Haritz eder bat bada gure mendietan,

Zazpi adarrez dena zabaltzen airetan,

Frantzian, Espainian, bi alderdietan,

Hemen hiru 'ta han lau, bat da zazpietan.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Ekalde Iberrian, lehenik sortua,

Lau mila urte huntan hor da landatua,

Hain handi lur libroan lehen izatua,

Orai gure haritza, zein den murriztua!

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Hi haiz Eskual Herria, haritz hori bera,

Arrotza nausiturik moztua sobera,

Oi, gure arbasoak, hots! otoi ez beha,

Zein goratik garen gu jautsiak behera.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Eskual Herri guzian alaba bakarra,

Ukoan jarri zaikun, da gure ikara.

Fueroak galdu eta utzi du Eskuara,

Akabo eskualduna, hortaratzen bada.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Eskualduna jendetan, eskuara mintzotan,

Lehenak omen dire jakinen ahotan,

Nahiz orai arrotzak manatzen darokan,

Hago hor Eskualduna, eskualdun herronkan.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Eskualduntasunari eta Eskuarari

Balinba ez ginuke uko egin nahi,

Halakorikan nihor gutarik baladi,

Eskual Herri guzian baluke trufari.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Gureak ziren lehen bazter hauk guziak,

Arbasoek utziak, hek irabaziak,

Guri esker Frantziak eta Espainiak

Dagozkate dituzten eremu handiak.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Mairu beltza zelarik Espainian nausi,

Nabasen Eskualdunak egin zion jauzi,

Lau ehun mila mairu zituen herrautsi,

Eta gainerakoak igorri ihesi.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Orduan gure alde oihuz zauden oro,

«Bere lurrean nausi, eskualduna bego,

Frantziak, Espainiak, bai orai, bai gero,

Deus kendu gabe dute gerizatu gogo».

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Patu hoiez geroztik gan dire denborak,

Ukatu diozkate hartzedunei zorrak.

Oi indarraren lege latz eta gogorrak!

Zuzendunak galduez alfer heiagorak!

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Gureez gure lehen hain libro ginenak,

Ezin ahantziz gaude orduko zuzenak,

Zer ametsak ditugun, zer oroitzapenak,

Jaungoikoak bakarrik badakizka denak.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Ez bahaiz Eskualduna lehen bezein handi,

Apaldu gabe xutik bederen egon hadi,

Odolez eta Fedez beti berdin garbi,

Handizki atxikia hire eskuarari.

 

Zazpi Eskual herriek bat egin dezagun,

Guziak beti, beti, gauden gu Eskualdun.

 

Zuri gaude otoitzez Jaungoiko maitea,

Lagun zazu zerutik eskualdun jendea,

Beti begira dezan lehengo Fedea,

Eta libertatean besarka bakea.

 

© Gratien Adema, Zaldubi    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko