XURIKO
Gratien Adema, Zaldubi , 1867
Mehetegiko xakurra,
Zangoz, errainez makurra,
Berga bat luze muturra,
Larrutik hurbil hezurra,
Urte guzia barura,
Zeren zen toki xuhurra.
Amak ttikitik utzia,
Esnerik gabe hazia,
Tripa errainei josia.
Uliek jaten hasia:
Xurikok bere bizia
Hola derama guzia.
Mahainpetik kokoriko,
Begira dago Xuriko,
Artho axaltto bat noizko
Ote zaion eroriko...
Nausiak ematen daizko
Dohan hortik bi ostiko.
Xakur gaixoa holakoz
Merke hazten zutelakoz,
Tripa hutsik, ilun gogoz,
Pleinuz zagon egun oroz:
Hatzka zangoz eta besoz.
Nihun ez zauken kukusoz.
Ohoinak ere noiznahi
Horren sainga ilaunari
Gabaz ziren irriz ari:
«Xakur prestua hi haiz, hi!».
Gero, ixiltzea sari,
Jo harrika gaixoari.
Egun batez, baratzera
Huiatzen dute lanera
Doan oilo haizatzera...
Xakur gose ta minbera,
Buztana tripaz behera,
lhes doa gordetzera.
Martin, etxeko mutila,
Zalu harturik makila,
Haren ondotik dabila.
Xuriko, xakur abila,
Lastoan ixil-ixila
Dago alegia hila.
Zenbeit gau egun bakarrez,
Gorde egonik herabez,
Atera zen jan beharrez,
Hamikatua, nigarrez,
Estalia zaragarrez,
Lakastaz eta zakarrez.
Sukaldean nihor ez da;
Sartzen da xakur herresta.
Errekia zen pres-presta,
Zeren zen herriko besta;
Usain, milik'eta jasta,
Dena jaten du has eta.
Etxeko andre kexua
Hor heldu da hats-hauntua:
«Zakur madarikatua,
Eia, hor, usu-usua,
Nik, hauts artean burua,
Egik hire ordenua».
Ordenak hau du beltza
Denen uztea bertzentza;
Xurikok badaki ontsa
Nori zer utz nola phentsa.
Etxekandriari gantza;
Nausiari azken putza.
Bizian gosez egonik,
Hiltzean sobera ganik,
Huna Xurikok erranik
Zer entzun dugun azkenik:
«Gose dagonarenganik
Ez daitekela lan onik».
© Gratien Adema, Zaldubi