Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
GERO ARTE!
[Lizardi hilotz]
(1933)
USODUNA
(1937)
BURU ETA BIHOTZ
(1951)
AMA ONAREN ABESTIA
Peli Markiegi , 1937
Negarrez arkitu nun atari ertzean.
Hitz goxoz galde nion ea zer zukean,
ta barruko oinazea askatu nahiean,
«Ez, ezer ez», zioan intziri artean.
Begi beltz haundi haiek baina nik ikusiz
zerun izarrez antzo, gainez malko lodiz:
«Maiteren bat hil zaizu?» galde nion berriz.
Ta hark begiratu nindun bi begiak dirdir:
«Sei lore eder nituan Jainkoak emanik,
sei lore eder, nereak ez beste inorenik.
Ta atzo, gizatxar batzuek, indarrez sarturik
ostu egin zidaten bat loretegitik.
Ostu eta eraman ez dakit nik nora
ta azken lurrin gozoa hedaturik gora,
bere buru ederra makurtuz kolkora,
apal-apal jausi zan gaixoa zulora.
Negar, ene begiok; negar, ene bihotz.
Uda ta negu gaurtik neretzat berdin hotz...
Maite zaitut, lore eder, nahiz-ta zauden hilotz.
Nik berotuko zaitut. Atoz, lore, atoz ...»
Ta bi besoak zabal, begiak luzatuz,
geldi-geldi jarri zan etortzen bailekus.
Gero, etsiz berriro, malkoak kolpatuz,
negarrez ekin zion zotinka eta uluz.
Nik ere ezin nun gehigo. Eztarria lakar,
bihotza taupa-taupa, bi begiak baldar,
ahopez nahastu nion: «Ez egin, ez negar;
Lore zenduna, gaurtik zeruan dezu izar...»
Ta malkoak garbituz alde egin nuen...
Ta geroz arantz hura barrutik ezin ken...
Ta... lapurrak oraindik handik baitzebiltzen,
loretegi ederra zaintzera joan nintzen.
© Peli Markiegi