Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAUTSEZKO BASOAK, LUR OSKOLDUNAK
(2007)
ELURRA ARITUKO BALU
(2007)
HEMEN IZANEN BAZINA
(2007)
ZURRUNBILOKA ITZULTZEN DIRA
(2007)
HAIZE HEGOAREN AROAK
(2007)
AMODIOZKO POEMA ESKAINIAK
(2008)
EGUERDIA UQBAR-EN, ARRASTIRIA DONEZTEBEN
(2008)
I WILL SING A LULLABY
(2008)
DE DREIT NIEN
(2008)
FRONTOI ONDOKO KABINA
(2008)
PEARL HARBORen ABESTIA
(2009)
GELTOKI BAT SIBERIAN
(2009)
TOUS LES DIRECTIONS
(2009)
FRANKOTIRATZAILEAREN ARNASA
Luis Garde , 2009
Filmaren hasieran
ofizial alemaniarrak erran du,
edo erran zezakeen
(filma frantsesez eman zuten,
nik ez dakit frantsesez),
Stalingradoko gau izoztuetan
frankotiratzaile partisanoek
ezkutalekuetan zain daudenean
arnasari eusten diotela,
etsaiek beren kokapena asma ez dezaten
arnasaren lurrina ikusita.
Telebista itzali ondoren
etxolatik kanpo iluntzean erretzen egon naiz,
euripean begira
nola zigarretak bustiz eta deseginez zihoazen.
Neure buruarekin jostatzen ibili naiz
arnasa askatzean.
Eutsi, bota, eutsi, bota,
Zuberoko lanbropean lurrin-seinaleak egiten
etorkizunetik nire oraingo kokalekua
bilatu beharko banu ere.
Gaueko harrizko azalean nire markak uzten
etorkizunetn gauzak hobera joanen ez balira ere.
Hatsaren bengalekin nire posizioa seinalatuz,
gaurko koordenadak markatuz
inork beharko banindu ere.
Arriskuak arrisku
partisano frankotiratzaile honek
euripean arnasaz
bere kokapenaren lekukotasuna sinatzen du.
Gizakiak haren igarotzearen zantzua uztea atsegin du-eta:
liburuen orrietan kearen usaina eta errautsaren kolorea,
hatz-aztarnak binilozko diskoen ildoetan,
garagardo botilen etiketetan azazkalek egindako zauriak,
teilatupeetako habien hondarrak atari ondoko espaloian.
Frankotiratzailearen arnasaren jokoa
dei diezaiogun,
eta baita zelatari begira dagoen
jazarle alemaniarrarena ere.
© Luis Garde