A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

ASPALDI HONETAN
      (1994)

ETXEORRATZEK
      (1994)

BIHAR EURIA EGITEN BADU
      (1994)

ZER ZOR DIEZAIOKET
      (1994)

KATUEN AUTOPSIA
      (2007)

KEAREN ANATOMIA
      (2007)

NEKEA
      (2007)

ZALDIAREN BURUSI KISKALIA
      (2007)

KOADRO IZOZTU HONETATIK
      (2010)

ZIBILIZAZIOEN BISAIA DUTE
      (2010)

GALDETU AL DIZU INORK NITAZ
      (2010)

GERRA GARAIAK IZAN ZIREN BEZALA
      (2010)

  literaturaren zubitegia  

 

EZ DUT ULERTZEN ZERGATIK

        Asier Serrano , 2010

 

 

Ez dut ulertzen zergatik berrizendatzen ditugun kaleak.

Zergatik gidatzen gaituen memoriaren beharrak

geografia pertsonala asmatzera.

Begira, heldu gara hirigunea lau kaletan zehar

zabaltzen den zirkulura.

Hemen hasi zen dena.

 

Parean dugun horri, kale horri,

mudantzen kalea deitzen diot nik.

Espaloietan, tolesean edo erdi etzanda

beti aurkituko dituzu koltxoi urratuak eta aulki hankamotzak,

bonbillarik gabeko flexoren bat edo

gerra aurreko kartazal horituren bat.

 

Bai, hemen hasi zen dena biraka, bihotza.

Maitasuna berrizendatzeko aukeratu genuen zirkulu honetan.

 

Hara,

ezkerreko hori, loaren kalea da.

Balkoietan bozgorailuak daude eskegita,

gauean azaltzen den artaldeak,

beti berbera den irratinobela entzunaz,

lasai deserrotu dezan insomnioa jasaten duenaren ametsa.

 

Bai, hemen hasi zen dena biraka, bihotza.

Maitasuna berrizendatzeko aukeratu genuen zirkulu honetan.

 

Eskuinera garaipenaren kalea.

Huntzak garaitu ditu bertako etxeen larru zurrunak

edo agian ez zen han sekula etxerik izan...

ez dakit, memoria

garaituek ahazten duten historia liburua omen da.

 

Bai, hemen hasi zen dena biraka, bihotza.

Maitasuna berrizendatzeko aukeratu genuen zirkulu honetan.

 

Galdu ezazu soa gibelean,

promesen kalea hedatzen da eskerga,

itsaso beltz edo zeru beltz ezezagun bat bailitzan.

Arbel garbi bat non

kleraz marraztutako beladun itsasontzi eta izar denak

utzikeriaren edo zoriaren ikatzaz nahasten diren.

 

Bai, hemen hasi zen dena biraka, bihotza.

Maitasuna berrizendatzeko aukeratu genuen zirkulu honetan.

Eta ixten ari da, bihotza,

gure ezpainen arteko zirkulua ixten ari da.

 

© Asier Serrano    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko