Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
MAILU GUZTIAK ETA POESIA GUZTIAK...
(1969)
OMENALDI GAS NOBLE BATI (HAMALAUKOA)
(1969)
GAZTE NAIZ
(1969)
POETA BAT HIRIAN
(1969)
EZTEBE PAREDOIAN
(Zirriborro probisionalak)
Ibon Sarasola , 1978
PAREDOIA mementorik krudelena da
Mementorik krudelena zazpiretako egunsentian paredoian
Egunsentian paredoian eztarrira iganda korapilatzen
Zaituen
Antsia
Zer egun da, zer ordu da, Jauna ?
Angustia
Eztarriko korapiloan esplikagaitza: hau gerra da
Hau gerra da. Mendien beste aldean, itsasoraino
Zure lagunak borrokatzen jarraikitzen dira
Oraindik. Diotenez
Gauez berrirabazten dute egunez
Abioien pean galtzen duten haitza.
Lautada honetatik iparralderantz behatzen duzu,
Mendiez bestaldeko gerrara paredoiko pake
Ikaragarritik: iparralderantz
Zuk. Zuk
Aldiz hegoalderantz, zeren hegoaldetik sortalderantz
Hegoaldetik sortalderantz zazpiretako egunsentitik
Etsaia
—zure itsasoa orain lehen aldiz ikusi duen etsaia
Intxortako zure trintxerara helduko baita.
Paredoia da unerik krudelena
1937ko udaberriko haize urratuan
Gasteizko lautadaren gainetik
gortzen duten
abioi urrundik helduak pasatzen
ikusten dituzu
Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik bat-batean jetsirik
zure batailoi ditximatua birditximatuko dutenak dira
zure laguna oroitzapen bihurtuko dutenak
eurian
agian ama alargunduko duten abioi urrundik helduak
pasatzen ikusten dituzu
zuk. zuk
goizero zeure trintxeran, Intxortan edo Lemoan
Zer ordu da, zer egun, Jauna
itxaroten dituzunak dira, berehala,
Ongiaren eta Gaizkiaren infernutik jetsirik,
Bonben pean munduaren eta bizitzaren zentzua gal
dezazun arte
Bizitzeko gogo zoro hori, etxeko pake subazterra
gortzen duten abioi urrundik helduak
zure emaztea, emaztegaia edo arreba zaharrena erretagoardian
akabatuko dutenak dira
zure seme txikiak edo anaia jaio berriak
eskolan ikasiko ez dituen
bonbaldietan...
ORAINDIK EZ ZEN habearen suntsidura eta kea
metal irakinaren labetik jeistean
atsegin ez zitzaizkizun gauzak,
uniformeak eta numeroak, espaloiaren
lege derrigorrezkoa zure bidexigor oin-hutsa azpiratzen,
eta garoaren eta kresalaren
hondamendia, oraindik ez ziren
mila baino kantitate handiagoak,
oraindik ez hizkuntza arrotza
plomozko letra belikoez eskolaren paredoietan ikasarazia
zure hitz sehaskatsua amaren ezpainetan
setiatzen.
Oraindik kanpaiaren erreinua zen nekazariaren
jeografian, eta olaren ximista aldez aurretik
aditua, atariko xakolin bertsolariaren
jakituria ahoz aho ezagutarazia. Orduan zen
hamaika harri zutituen harremana, haritzaren hizkuntza
udalehentsua abarkaren eta makilaren esan-nahi
azkenean.
Oraindik taula zen, eta xalupa, konstelazio ikas-berrien
azpian, izugarria lamia-koba pertsekutatuaren keinua
artzainaren ezpain tolesgabean.
Ihiztari inoiz aipatuaren kanabera soila
errekaren borondate guztiz mehearen egokitasuna
borobilki gurutzatzen. Oraindik laboraria, kapitain bere goldean,
eta uhin basatiaren krudelkeria arrokan
miserere arrantzalea hondartzaren ertzean ehortzen.
Baserritik jeisten den eztei-gurdian
lihozko izara brodatuaren
jabego oso hori, aztorearen eta oin hutsaren
aboz oraindik ez lurperatua, noiz ezarri zen
zure adin ahalguztiduna ?
Zure itsasoa ezagutzeko berrogei egunez eta berrogei gauez
ibili behar izan duenak
ez daki irakurtzen
zure arbola elementalaren orria eta
zure euriaren zuhurtasunaren eskuizkribua
kalendarioz kalendario
mormoratua.
UNIBERTSOAN EHORTZIRIK
arrotz zeure etxean
ate hertsiren eta leiho ahulki argituren
ordu ezagunean
ME HACEN EL FAVOR SEÑORES, SON 182
ke airean zintzilikatuaren eta errege destronuratuaren
garaia da
Drugestorearen hesteetako zaldi izugarrietan.
Bost edalontzi husturen artean Me han dicho que escribes en vasco
qué difícil, no? Gasteiztarra, Estibaliz
etorri behar ez lukeen trenaren xistua
bezala. Udaberri berri honetan ez dituzu aurpegiak ikusten
soilik behera-behar eragotzia lege orotatik at
POR FAVOR SEÑORES, QUE VAMOS A CERRAR
soilik hautsontzia pospolo erre eta zigarro-hondarrez gainezka
beste egun bat beste hainbat bezalakoa.
Pues nos lo pasamos ideal. Zu.
Zu, arroztasunaren muga ikaragarrietaraino arrotz
amorantearen ezpain urrunetan gudari beti bentzutua
POR FAVOR SEÑORES, BUENAS NOCHES
geldi zaitez orain nirekin
BUENAS NOCHES. BUENAS NOCHES, SI, BUENAS NOCHES.
Oh! aquí siempre está lloviendo
AGUR, BUENAS NOCHES.
Donostian, Euskal Herria
gu eta gure poema liburuaren paredoi izugarriak.
Zure bihotza da paredoirik desolatuena.
© Ibon Sarasola