A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

  literaturaren zubitegia  

 

ZIRRIKITU BAT IZOZKAILUAN

        Aritz Gorrotxategi , 2007

 

 

Betaurrekoak utzi dituzu mahai gainean,

kafesnearen ondoan

ogi apurrek osatzen duten

akelarrearen erdian.

 

Ordulariari begiratu badiozu ere

ez duzu sinesten egutegi Gregorianoan,

setioak eta egunak

enbor bereko oskolak direlakoan.

 

Galdera egiten diozu

zure buruari,

nola kabitu daiteke denbora guztia

eskumuturrean?

 

Nork asmatu zuen

gezurrezko kartografia hau?

Beharbada gurpilak ez du errurik,

baina zirkuluek badute

hutsaren antza.

 

Grabitazio arauek eta kronometroek

elkarrekin

larrua jotzen ez badute ere

beti geratuko zaigu

zirrikitu bat izozkailuan.

 

Bakailaoen hats hauskaran

hutsunea arnasteko.

 

© Aritz Gorrotxategi    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko