A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
Z
anonimoak
 

Egile berarenak:

 

Egile berarenak (+)

 

ZUBI HONEN GAINEAN
      (1986)

DONALD JUSTICE-REN ARAUERA
      (1993)

HITZAK
      (1993)

  literaturaren zubitegia  

 

LEHENENGOZ

        Andolin Eguzkitza , 1993

 

 

Egunotan senditu dut lehenengoz

ulertu dudala. Ulertu dudala

bidezidor guztietan gaindi

ez dela Erromara heltzen,

errekastoetan ez direla harri guztiak leuntzen,

eta larrazkena delarik

zergatik nire bihotzean ez duen atertzen.

 

Sarritxutan erein baitut harrien gainean,

bidebazterretan,

ipar eta sartaldeko ozeanoez bestaldean dauden herri urrunetan,

eta berde eta harro eman arren

belar txarrez beterik baizik ez zegoen zoropilean.

Lore koloretsuen itxaropenaz,

zuztar zinbeleko zuhaxka sotilen esperoan,

eta beti ere,

ahuntzei bezala,

hosto eder eta ernamuin gozoko zaizkidan landareak

batuko nituelakoan:

 

Gorputz lirain,

lohadar zirats,

ile holli eta begi berdedunak,

gerritik oratzean

mardul eta fin senditzen direnak;

azal gozo,

ezpain lodi,

haragi gogor eta zailekoak,

ukitzean

Ekaineko txermenen antzeko somatzen direnak,

edo eta gertutik heltzean

ur freskodun iturburuaren pareko,

bero eta egarri bagina bezala

Iparrameriketako Hego Sakonean

 

—Alabama, Tennessee, Arkansas—

Agorrilaren hamabostean.

 

Egunotan ulertu baitut lehenengoz,

Irlandan irak eta goroldioak Islandian bezala,

erauntsiez —eta haize hotzaz— ernaltzen direla amodioak,

lurra emankor bihurtzen,

sortzen esperantza onak.

Grezia, Egipto, Asiriako hirietan,

Txinako lautadetan zehar,

 

Japoniako lur martirian,

Eskandinabiako zoko ilun, Jukatango argietan,

ileak urdindu ahala, ilunabarra hurbildu bitartean,

ibili garelako beti frutu bakarrorren antsietan:

besarkatzea beharrezko zaigun gorputzaren esperantzan.

 

© Andolin Eguzkitza    

mendeak
Basquepoetry ataria Susa literatura argitaletxearen egitasmoa da, euskal poesia zabaldu eta ezagutarazteko