Egile berarenak:
Egile berarenak (+)
HAZPARNE
(2012)
BOTANY BAY
(2012)
XOXO BELTZAREN KOPLAK
(2012)
BAIONAKO ERROBIN
(2012)
EZ LEHER EGITEKO
(2012)
PONTRIQUE
Lucien Etxezaharreta , 2012
Gauaren ferekak
bere laztana karrika zikineri eskaintzen
negu beltz ala uda epelez
hainbat lagunen hegal itzaliak datoz gogora
joan ziren gazte denborak
ostatu keztatuen bolborak
goitika ala nigarrez arkupeak
emazte zanpatuak
gizon arrail laidostatuak
garratoin bat zalu bere zilora
Errobiren arramantza erauntsi biharamunetan
hitz beltzak murruetan
polizia kaskoen dirdiran
leihotik han Mon Bar odoletan
zerra zahia lurrean odol xurgan
han parrean jendea oihuka
gatuak karrikan ihes
zakur gaixoa goseti begiak amultsu
ondoko nagusiak bi ostiko
jostuna goizik lanera joailia
eta ez du nigarretan bidea
kadira antolatzen Jeanne auzoko atxoekin
ilunbetako gau sorginarekin
espartingile ahantzia aspaldi joana
agorrileko lur ikara eta jendea kanpoan
Pontrique karrika miseriaren karrika
han ere Joanteguyren zurbiak zutik
etxea dute berritzen
Crémerie idatzia zen lehen
bi xahar goxo saltzaile ziren
egun batez zorigaitza
hirugarren estaietik jausten lasterka
ama haurra besoetan
gibeletik gizona harma eskuan
saltokiko zolan uste gordeko dela
bi tiro eta adio ama eta alaba
hirugarrena eta adio Etcheverry buhamia
ene karrika puntako ondarkinak
zur eta puskeria zikinak
garratoin zirriztalarien besta
hemen bada belar eta guzi
jende xeheak beren sosak zaintzen
kutxan maitasuna gakatzen
Patxaren desafioak
txakur eta nagusien kontra
intsumituen trufak
polizi autoen lerratze ixilak
eta kontrolak
Jacques Lafitte karrikako hesi burdinak
manifetako arats eta ostatu beteak
Aita Seme aintzinean PJko zakurrak
euskal kantuak gauaz
gora ETA militarra
«section avec moi!» dio kapitainak
Pontrique karrikan koktel eta harrika
gau luze gogorrak
bakartasun hotzak
ilargi ixilari so
auzoen leiho tinkien arteko argiak
zure ametsa lagun
barneko ezin egona
argi basoaren azpian paperak labur
hitzen nasaiari hutsa kolpeka
buruko minari etsipena irriz
telefonaren tirrintari so
where is my gipsy wife tonight
eta Leonard Cohen urruntasunetaz
plastikozko untziak ez dira betetzen ere
hatsa doa trebeska
biziaren hatsa
zergatik hitzek min egiten duten ote
hitz eskasak ere zauritzen
goiztiriko leinuruak zorionez
bizi itxura esnatuz
argiaren faltsukeriaz
zazpiak laurden guti
hiriko langileak hor dira xuxen
Lestraden etxen kroasantak onak beti
Café des Sports-en kafesne beroa hagunez
lehengo jabeen aurpegia doala oroitzapenez
gau euriak aurpegi goxatzen
Trinketeko karrika hertsiaren antsia
teilatu itatxurek lepoa bustitzen
zakur gosetiak barrandan
plastiko beltzen tripak barreatzen
autoen azpian beldurrez ahuspez gatuak so
Marengok erraiteko frango
ezkineko laguna han dago
Erakustokian zinen Maritxu
zutaz batzuetan tristeziaz nago
hiri kutxa zaindaria maiz mutur dago
noizko denboraz ari natzaio
karrikan bazen beti zerbait zilo
EDF edo Régie des Eaux
ura gaindituko zela noizbait
hemen denak salatari
halere sua beti pizgarri
etxe jabe minkorren soak
sakelak pobreekin beteak
hil hobi xuri barne ustelak
APL edo RMIren harrapariak
etxe aintzina dena argamasa
aski dela merak derasa
Pontrique miseriaren karrika
maitasun ibiltarien portua
sahetsean dut ere Ternua
auzoko Coursic mariñela
Suhigaraitxipi gizon oldartia
hemengo Peñak nola konda
ene andere auzoaren leiho hetsia
iluntzeko bakarrik aterbetua
ikusi du ene balkoineko lore gorria
urrun du senarra utzia
Pontriquen ote libertatea
hantxe eliz ezkilen dorrea
orenak jotzen baina ez sobera
zazpietarik hamarretara
Soubelet zenaren orroak
ezkontza eta ehorzketa
Klaudio Harluxeti azken agurra
Patxa plaza eta Visitandinena
autoen xoko gordeena
gauaz solas ixilen ohantzea
Tonnelieren arrabotsa
iduri dela ahantzixea
miseriaren karrika Pontriquena
amodioa karrikan ibilki
egun batez aurpegi irri
esku emanez soa argi
ilunabarra dela goiztiri
epizeriako andere xaharra
esne mintua hozgailuan
sagar andeatuak zarean
kolore eta mozorro berrian
orai Afrika dator punpean
besta gau sutsu beroak
xuri gorriz desiraren sugeak
bakartasun leiho hetsiak
gazteria jostatu beharrez
utzi behar iluna karrez
etxe gris haundi zabalak
leiho hetsien hasperenak
untzi zikinez gaindituak
Ernesten irri ozenak
badoatzi kartzelako orenak
hainbat lagunen hegal itzaliak datoz gogora
negu beltz ala uda epelez
bere laztana karrika zikineri eskaintzen
gauaren ferekak
© Lucien Etxezaharreta